DEC. 06 2024 Basabe jatetxea Aretxabaletan, betiko sukaldea giro atseginean Aretxabaletako Basabe jatetxeak ia 40 urte daramatza inguruko enpresetako langileei betiko sukaldean oinarritutako menua eskaintzen. Asteburuetan, ordea, industrialdeko jatetxe izaera alde batera utzi eta lagunarteko afariak eskaintzen dituzte, batez ere, larunbat gauetan. Bakarne eta Jon Urrutia neba-arrebak, jatetxearen atarian. (J.S.) JOSEBA SALBADOR GOIKOETXEA Aretxabaletako Basabe industrialdean dagoen jatetxea Urrutia neba-arreben artean eramaten dute gaur egun: Aitor sukaldean, Jon barran eta Bakarne guztia koordinatzen. Baina zabaldu, beren gurasoek zabaldu zuten, 1987. urtean. Bakarnek orduan 13 urte besterik ez zituen arren, ongi gogoratzen ditu garai haiek. «Urte haietan langabezi handia zegoen eta gure gurasoek, familiari etorkizun bat emateko, jatetxea zabaltzea erabaki zuten». Laster beteko ditu, beraz, 38 urte, eta ia lau hamarkada horietan gauza asko aldatu badira ere -tartean 2016ko eraberritze eta haunditzea-, funtsean gauza bera eskaintzen jarraitzen dute: betiko sukaldea, giro atseginean. Gurasoengandik ikasitakoa mantentzen saiatzen dira eta, horrela, eguneroko menuan beti dituzte lekaleak, mota guztietako berdurak, pasta, arroza, entsaladak... Arrainen artean, Basaben inoiz ez da arrain freskoa falta izaten, hala nola legatza, lupia edo oilarra, baina baita bakailaoa, txipiroiak, izokina eta beste batzuk. Eta haragien artean, ohikoak dira entrekota, xolomoa, eskalopea, saihetsa, oilaskoa, ukondoa, txerri masailak… Oinarri hori mantenduta, hala ere, beti saiatzen dira plater berriren bat eskaintzen, adibidez, ondoko orrialdean erakusten dugun ontto salteatua. Hasierako urteetan bezala, orain ere inguruko enpresetako langileak dira nagusiki astelehenetik ostiralera bazkaltzera joaten diren bezeroak. Inguruan enpresa ezagun asko dituzte, tartean Copreci eta Mondragon Assembly -jatetxetik metro gutxira- eta Bakarnek dioen moduan, «enpresa horietako langile asko gure tabernara etortzen dira». Azken urte honetan, gainera, Aretxabaletako enpresetako langileak ez ezik Arrasatekoak ere etortzen hasi zaizkiela nabaritu dute. Bezeroek diotenez, Arrasaten gero eta gutxiago dira menuaren prezioa mantentzen duten jatetxeak eta horregatik inguruetako herrietara joaten hasi dira. «Egia da azkenaldi honetan jende mugimendu gehiago nabaritzen hasi garela», onartu du Bakarne Urrutiak. ASTEBURUAK, JAI GIROAN Lau hamarkadatan jatetxea tokiz aldatu ez bada ere, ingurua aldatzen joan da, izan ere, herria asko handitu da (6.100 biztanle izatetik 7.155 izatera pasatu da) eta etxebizitzak tabernaren atariraino heldu dira. Ondorioz, lehen industrialdeko jatetxea baldin bazen, orain auzoko jatetxea ere bihurtu da eta asteburuetan asko dira afaltzera joaten diren herritarrak. Orain dela zortzi urte, gainera, alboko lokala erosi eta jangela guztiz berritu zuten, mahai kopurua haundituz. Orain, ia 70 pertsonentzako tokia dute eta, Bakarnek dioen moduan, «lagunarteko afari asko egiten dira bertan eta, afalostean, jai giroan jarraitzen dute, kuadrilla askok musika-ekipoa edo DJa ekartzen dutelako». Eta Basabe jatetxeak badu horretarako abantaila haundi bat, hain zuzen, industria-eraikin baten azpian dagoela eta asteburuetan ez dutela bizilagunak gogaitzeko arriskurik. Horrekin batera, ordutegiak eta ohiturak asko aldatu direla nabarmendu du Bakarnek. «Lehen garai batean goizeko seiretan zabaltzen genuen langile jendea hartzeko, baina ohiturak aldatzen joan ziren eta ikusi genuen alferrik zela ordu horretan zabaltzea, eta horregatik orain goizeko zortziretan zabaltzen dugu. Eta bazkariekin amaitu eta gero, lauretan isten dugu, gaur egun txikiteorik ez dagoelako eta jende askorik ez delako sartzen tabernara». Asteburuetan, esan bezala, lagunarteko afariekin lan asko egiten dute, baina tabernan ogitartekoak eta plater konbinatuak ere ematen dituzte. Eguerditan ez dute zabaltzen, enkarguz ez bada. URETSEN BIDEA Basabe jatetxearen aurretik «uretsen bidea» izenez ezagutzen den ibilbidea igarotzen da. Izan ere, Basabe auzoaren inguruan, herriko beste hainbat tokitan bezala, sufredun ur iturri asko dago, Aretxabaletan «urets» izenarekin ezagutzen direnak eta XIX. mendean bi bainu-etxe eraikitzea ahalbidetu zutenak: Ibarrakoa (1843an eraikitakoa) eta Otalorakoa (1866an). Aretxabaletako herri gunean hasita, Otalorako bainuetxea zegoen tokitik, hain zuzen, ibilbideak hego aldera egiten du, Ibarrako bainuetxea zegoen ingurura, eta handik, zelai eta baso artetik, Mendiola eta Areantza elizateetara iristen da, Urkulu urtegiaren magalean. Ibilbideari esker, udalerriko bainuetxeetako bizimodua nolakoa zen ezagutu daiteke Otalora eta Ibarrako bainuetxeen aztarnak ikusiz, baita horiek hornitzen zituzten iturri sulfurosoak eta ezaugarri mineralak dituzten beste iturri batzuk ere. Itzuliak hiru orduko iraupena du (10 kilometro), zailtasun maila errazekoa da eta 250 metroko igoera metatua du. Ibilbidea egin ondoren, Basabe jatetxea esku-eskura dugu indarrak berreskuratzeko. Ontto salteatua, foie eta piperbeltz saltsarekin Aretxabaletako Basabe jatetxea betiko sukaldean oinarrituta badago ere, tarteka plater berriak eskaintzen saiatzen dira. Horien artean dugu ontto salteatua, foie eta piperbeltz saltsarekin. Bakarne Urrutiak adierazi digun bezala, «orain dela gutxi hasi gara plater hau gure bezeroei eskaintzen eta oso harrera ona izaten ari da». Gainera, oso erraza da prestatzeko eta, Gabonak gainean ditugunez, etxean egiteko gonbitea luzatu die irakurleei. Basabeko sukaldean onttoekin egiten badute ere, edozein perretxikoekin ere egin daitekeela azaldu digu. Egiteko modua: • Lehenik eta behin, zartagin batean berakatza jarri gorritzen eta jarraian onttoa laminatan moztuta gehitu. • Foie freskoa tako txikitan moztu eta onttoen gainean bota. Minutu gutxi batzutan sutan eduki. Foie puska haundiekin ere egin daiteke; horretarako, beste zartagi batean plantxan egin, buelta eta buelta, gatz apur batekin. • Beste ontzi batean saltsa prestatu. Horretarako, esnegain apur bat jarri, gatza eta piperbeltza bota, eta loditzen hasten denean sutatik kendu. • Zerbitzatzeko, plateran lehenbizi onttoak eta foiea jarri (foie puska handiagoak erabili baditugu, plateraren inguruan jarri) eta guztiaren gainean saltsa apur bat bota, ez gehiegi, piperbeltzak ez diezaion onttoari zaporea kendu. • Apaingarri moduan, zartagian pasatako porru zirrinda finak sortan lotuta jarri daitezke. ia lau hamarkadatan gauza asko aldatu badira ere, Basabe jatetxeak funtsean gauza bera eskaintzen jarraitzen du: betiko sukaldea, giro atseginean