DEC. 07 2024 EBko eta euroguneko BPG %0,4 hazi zen hirugarren hiruhilekoan Europako Batasuneko eta euroguneko ekonomiak hazten segitu zuen joan den hiruhilekoan, nahiz eta modu apalean izan. Barne Produktu Gordina %0,4 igo zen bi eremuetan. Adituek esan dute interes tasak uste baino azkarrago jaitsiko direla, testuingurua zein den ikusita. EV Motors konpainiak Bartzelonan ireki berri duen lantegiko makineria. (Alberto PAREDES | EUROPA PRESS) GARA GASTEIZ Euroguneko eta Europako Batasuneko Barne Produktu Gordina (BPG) %0,4 hazi zen hirugarren hiruhilekoan, aurrekoa- ren aldean. Beraz, bi esparru ekonomiko horietan ekonomiaren hedapen erritmoa bi hamarren igo da, bigarren hiruhilekoan ikusitakoarekin alderatuta, Eurostatek argitaratutako datuen arabera. Pasatu den urteko hiruhileko beraren aldean, BPG %0,9 hazi zen eurogunean eta %1 Europako Batasunean; urte arteko hazkundea, berriz, %0,5 eurogunean eta %0,8 EBn. Datuak, edonola ere, nahiko apalak dira, beste potentzia ekonomikoekin alderatuta. Adibidez, 2024ko hirugarren hiruhilekoan, AEBetako BPG %0,7ra igo zen, lehen hiruhilekoan ere %0,7ko hazkundea izan ondoren; eta 2023ko hiruhileko beraren aldean, AEBetako BPG %2,7 igo zen. Zenbaki makroekonomikoak askoz hobeak dira, beraz, Atlantikoaren beste aldean. Hirugarren hiruhilekoko datuak eman dituzten Europako Batasuneko estatuetan, BPGren aurrerapen handienak Irlandak (+%3,5), Danimarkak (+%1,2) eta Lituaniak (+%1,2) izan zituzten. Aitzitik, murrizketa handienak Hungariako (-%0,7) eta Letoniako (-%0,2) BPGn erregistratu ziren. ENPLEGUA, EGONKOR Bestalde, enplegua duten pertsona kopurua %0,2 igo da eurogunean, eta egonkor mantendu da Europako Batasunean 2024ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko hiruhilekoaren aldean. Bigarren hiruhilekoan, enplegua %0,2 hazi zen eurogunean eta %0,1 EBn. 2023ko hiruhileko beraren aldean, enplegua %1 hazi zen eurogunean eta %0,7 EBn 2024ko hirugarren hiruhilekoan, 2024ko bigarren hiruhilekoan bai batean zein bestean %0,9ko hazkundea izan ondoren. Datuak, kasu honetan, pixka bat hobeak izan dira hirugarren hiruhilekoan, nahiz eta oraindik balio apalak dituzten, oro har. Hirugarren hiruhilekoan, enpleguaren hazkunderik handienak izan zituzten herrialdeak Kroazia (+%1,5), Irlanda (+%1,2) eta Malta (+%1) izan ziren. Aldiz, jaitsierarik handiena Errumanian (-%3,1), Estonian (-%1,2) eta Letonian (-%0,6) izan zen. INTERES TASAK JAITSI? Testuinguru honetan, Bloomberg agentzia ekonomikoaren inkesta batean parte hartu duten ekonomialari gehienek esan dute Europako Banku Zentralak (EBZ) uste baino azkarrago jaitsiko dituela interes tasak, hazkunde ahulari aurre egiten dion eta inflazio tasa jaitsi den ekonomia suspertzeko beharraren aurrean. Inkestari erantzun dioten adituek iragarri dute 0,25 puntu jaitsiko dela hurrengo aldian, eta 2025eko ekainera arte mantenduko dela erritmo hori. Hori hala balitz, tasa %2an geratuko litzateke, eta urtebete barrurako espero zen mailara iritsiko litzateke. Iragarpen hori heldu da Estatu frantsesean eta Alemanian bizi duten zurrunbilo politikoak, Ukrainan eta Ekialde Ertainean erabat irekita jarraitzen duten gerrek eta Donald Trumpek muga-zerga komertzialekin egindako mehatxuek ekonomian eragin dezaketen arriskuek ezaugarritzen duten une nahasian. ARRISKUAK«Europako Banku Zentralaren moneta politika murriztailea arrisku faktore bihurtu da», esan zuen Carsten Brzeski INGko kideak Bloomberg agentziak egindako inkestan. Ekonomialari horrek egiturazko arazoak, AEBek gidatutako merkataritza gerraren arriskua eta Estatu frantsesaren gatazka politikoa ere nabarmendu zituen.