Euskarari babes, Landako barruan eta kanpoan
Bukatzear da aurtengo Durangoko Azoka. Atzo zaparrada artean amaitu zen eguna, baina urak ez zituen euskaltzaleak geldiarazi eta jende andana batu zen Euskal Herrian Euskaraz-en mobilizaziora. Egun osoan zehar ekitaldi ugari izan zen; besteak beste, Nestor Basterretxeari omenaldia eta Euskal Pentsamenduaren inguruko mahai-ingurua.
Euskal Herrian Euskaraz-en urteroko mobilizazioarekin batera hasi zen 59. Durangoko Azokaren azken-aurrekoa. Egunean zehar, ohiko jendetza, giro paregabea eta askotariko ekitaldiak izan ziren nagusi, eguraldia alde izan ez bazen ere. Euriak ez zituen euskaltzaleak kikildu, ordea, eta jende andana izan zen manifestazio nazionalean, “Euskaraz bizitzeko, euskal errepublika” lelopean euskara «larrialdi egoeran» dagoela salatzeko.
Goizean, Nestor Basterretxeari esker ona agertzeko ekitaldia egin zuen Gerediaga elkarteak, artistaren jaiotzaren mendeurrenean. Bertan izan ziren artistaren senideak, eta oroigarria jaso zuten Nerea Mujika Gerediagako presidentearen eskutik.
«Nestor Basterretxea artista handia eskertzeko batu gara, eta bere etxekoak ere eskertu behar ditut. Izan ere, aitaren sormen lanak eskura utzi dizkigute Durangoko Museoan», azaldu zuen Mujikak ekitaldian.
Hain zuzen, Bermeoko sortzaileak diseinu eta ilustrazio arloan egindako obraren lagin bat Durangoko Museoan dago ikusgai, Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak prestatu duen erakusketan. Lanetako asko sekula ikusi gabeak direla azpimarratu zuten omenaldi ekitaldian. Halaber, jakinarazi zuten datorren urteko otsailera arte egongo dela ikusgai.
XX. mendeko euskal kulturaren erreferentzia nagusietako bat izan zen Nestor Basterretxea, eta Durangoko Azokarekin harremana izan zuela azpimarratu zuten. 2012an, adibidez, berak sortu zuen 47. ediziorako irudia.
Basterretxeak Durangaldearekin izan zuen lotura ere gogoratu zuen Gerediaga elkarteak. Besteak beste, Otxandioko bonbardaketaren biktimen omenezko “Heriotza zerutik etorri jakun” eskultura eta Durangoko Tabira auzoan dagoen “Hirugarren hilarria” aipatu zituzten. Lotura horren inguruko informazio sakonagoa duen erreportajea eskaini diote “Astola” urtekarian.
II. ESKULTURA AZOKA
Basterretxearen lanen erakusketaz gain, badago Eskuahaldunak eskultoreen elkarteak antolatutako II. Eskultura Azoka bisitatzeko aukera ere. Bertan, Euskal Herriko 70 eskultore baino gehiagoren lanak daude ikusgai. Durangoko Azokako Landako pabiloitik ehun metro eskasera dauden bi espaziotan egingo da erakusketa, egurrez eraikitako Mikeldi erraldoiaren ondoan, hain zuzen ere, Gandarias aretoan, Arkotxa kalean, eta 2025eko urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik, asteartetik ostiralera, 18.30etik 20.30era, eta larunbatetan 11.30etik 13.30era eta 17.30etik 20.30era
EUSKAL PENTSAMENDUAZ
“Jakin beharreko 222 esaldi” liburuan, Lorea Agirreren hitzetan «jakin-jakin, agian, ez direnak jakin behar» baina kontsultatzeko modukoak badirenak jaso dituzte. “Jakin” aldizkariko zuzendariak gidatu zuen atzo goizean Talaia gunean antolatutako “Dabilen pentsamendua” mahai-ingurua. Maialen Akizuk, Ibai Atutxak eta Mariluz Estebanek parte hartu zuten.
Akizu soziologoa da eta doktoretza egiten ari da; halaber, bertsolaria eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da. Atutxa Komunikazioan eta Kultura Ikasketetan doktorea da, eta teoria kritikoan eta menderakuntza harremanetan aditua. Esteban EHUko Ikasketa Feministak eta Generokoak Doktorego Programako arduraduna izan da.
«Barbarizazioa» kontzeptuaren ingurukoa da Atutxak argitaratu duen azken lana eta, hain zuzen ere, fenomeno horrek euskal pentsamenduan duen eraginaz galdetu zion Agirrek. Adituaren aburuz, «erregimen bat da» eta izendapen multzo bat biltzen du, hala nola «aborigen, terrorista, primitibo...», diskurtso jakin batzuk eraikitzeko erabiltzen da, euskara «aitzakia» gisa hartuta. Gaineratu zuen euskaraz sortzen den pentsamendua «estali» egiten dela eta, ondorioz, «ignorantzia produzitzen da».
Agirrek euskal pentsamenduari feminismoak egiten dion ekarpenaz itaundu zion Estebani. Puntuka laburbildu zituen; lehena, feminismoak euskal gizartearen analisia egin izana, mahai gainean jarri baitu gurean ere «genero desberdintasunak eta desberdinkeriak» daudela. Era berean, «tradizioen etengabeko berrikuspena», euskal gizarteak horren berezko dituen «dikotomiekin» kritiko izatea eta metodo «askoz ere horizontalagoa» erabiltzea ere azpimarratu zituen.
KEZKATIK TALKARA
Bakoitzari bere arloaz galdetu zion Agirrek. Horrela, Akizuri, bertsolaria izaki, euskal pentsamenduaren transmisioa bermatuta ez egoteak kultur sorkuntzan duen eraginaz galdegin zion. Akizuk adierazi zuen kezkatuago dagoela «kultur esperientziak bizitzeko dagoen espazio faltagatik». Halaber, «geometria berrien» beharra mahai gainean jarri zuen eta azaldu zuen transmisioa «beharra izateaz gain, talka eta gatazka ere» badela.
Izan ere, Akizuri deigarria iruditzen zaio euskaraz sortzen den saiakera kopurua, fikziozko lanen aldean askoz ere ehuneko baxuagoa baita, eta, gehienbat, kazetariek idazten dituzte; neurri askoz ere txikiagoan beste diziplina batzuetako adituek.