DEC. 11 2024 Interview Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohia «Txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute» Santi Osorok atzo Naiz Irratian ukatu egin zuen lasterketen logistikari buruzko akordioak eurekin adostu direla. Gobernuak oraindik ere «aldebakarreko jarrera» daukala salatu zuen: «Txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute». (Idoia ZABALETA | FOKU) Ion GARATE Albistea zen Gipuzkoako Jarduneko Txirrindularitza Federazioa akordio batzuetara iritsia dela Lakuako Trafiko eta Segurtasun arduradunekin, herrialde horretan antolatutako lasterketen logistikari dagokionez. Kontua da, Federazioko kide zirenek dimititu ostean, diputazioko jendea dagoela orain horren kargu, «txirrindularitzaz askorik ez dakien jendea», Santi Osoro Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak Naiz Irratian azaldu zuenez. «Beraiek ari dira bilerak egiten, gu albo batera utzita», gaineratu zuen Osorok. «Bilerak, hasteko, lanorduetan egiten ari dira eta ezin gara horietara joan, ordua aldatzeko eskatu arren. Azkeneko bileran 12.00etarako deialdia zuten, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Gipuzkoako Diputazioko Trafiko arduradunak, Ertzaintzak, Diputazioak berak eta Federazioko zuzendaritzak ezarrita. Nik dakidala, horko inork ere ez du sekula lasterketarik antolatu, ez dutelako sekula txirrindularitzarekin loturarik izan», argitu zuen. «13.15eko deialdia genuen nik neuk eta Gipuzkoako Federazioko aurreko kide batzuek. Kontua da aurrez hitz egin behar zutela dena, gu albo batera utzita, eta gero sartzen ginen gu, besterik gabe zein erabaki hartu zuten esateko. Eta hori gutxi ez, eta, gure ordezkariak sasoian iritsi baziren ere, Gipuzkoako Aldundiko jendea berandu iritsi zen eta gure ordezkariei esan zien beste 20 minutuz kanpoan itxaroteko, beraiek erabakiak adostu arte», kexatu zen Osoro. «Hori errespetu falta latza da», gehitu zuen. ADOSTASUN FALTA «Adostasunik ez da egon, ez gurekin behintzat», azpimarratu zuen Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidente ohiak. «Orain arte bi asanblada egin dituzte txirrindularitzan ordezkaritza duten estamentu guztiek. Aurreneko asanbladan egutegiak eta lasterketak martxan jartzea nahi zen, baina inolako bilerarik eta, ondorioz, aurrerapenik, ez zegoen; gehiengoz, proposamen biak atzera bota ziren», esan zuen. Bigarren asanbladan, berriz, «estatutu berriak eta hauteskundeen egutegi berria jarri ziren mahai gainean. Orduan ere, egoerak bere horretan jarraitzen zuelako, gehiengoz baita ere, eman beharreko pausoak eman arte alferrikako lanetan ari ginela ebatzi genuen. Baina handik egun batzuetara dekretu bidez asanblada interbenitu zuten eta bi asanbladetan hartu ziren erabakiak atzera bota zituzten eta beren kabuz onartu zituzten gauzak eta martxan jarri», salatu zuen. «Txirrindularitza osatzen dugun familia alde batera utzi dute, eta beraien kontura ari dira batere ezagutzarik gabe», gehitu zuen Osorok. Horrez gain, «trafikoko arazoez bakarrik» hitz egin dela argitu nahi izan zuen, beste gai batzuk jorratu gabe utzita. «Manifestazioa egin ondoren bagenuen ilusioa, lanerako eta hitz egiteko prest zeudela ematen zuelako. Baina itxurakeria besterik ez dugu ikusi eta ez diotela daukagun arazoari benetan heldu nahi. Txirrindularitza egoera honetan uzterik ez dago», nabarmendu zuen. «Manifestazioa egin ondoren bagenuen ilusioa, lanerako eta hitz egiteko prest zeudela ematen zuelako. Baina itxurakeria besterik ez dugu ikusi»