DEC. 12 2024 SUPERKLAUS Entretenigarria eta atsegina, baina erdipurdikoa Gaizka IZAGIRRE HERNANI Alde batetik, Billie neskatoa ezagutuko dugu: gurasoekin denbora gehiago igaro nahi du; izan ere, proiektu teknologiko bat aurrera ateratzeko lanean ari dira eta beraiekin gehienetan bideokonferentzia bidez soilik hitz egiten du. Bestetik, Santa Klaus: buruan kolpea hartu ondoren, Superklaus dela uste du, pelikula saga famatu bateko superheroia. Horrek kaosa sortu du Ipar Poloan eta Fafnir gaizkilea agertuko da: kontsumismoaren pertsonifikazio gisa ageri da. Estereotipoz gainezka dauden pertsonaiak dira, baina ongi funtzionatzen dute guztiek. Animazio lana txukuna da, baina egun estreinatzen diren gainerako filmekin alderatuta apur bat robotikoa; hasieran kosta egiten da animazioaren barnean murgiltzea. Gidoia oso sinplea da, ehunka aldiz ikusia, eta zenbait unetan betiko borroka-eszenak ditu oinarri, baina haurrentzat positiboak diren zenbait mezuak topatuko dituzue: teknologia berrien garaiko komunikazio ezaz, kontsumismoaz, talde-lanaz eta eskuzabaltasunaren botereaz dihardu, besteak beste -hori bai, lekuz kanpo dauden pare bat txiste lodifobiko ere egiten dira-. Umore nahiko zuria, agertoki koloretsuak, mezu baikorrak eta entretenimendua; hori da film honek eskaintzen duen guztia. Zinema Euskaraz programaren barruan hamar izenburu estreinatu dira aurten euskaraz. Zinez albiste pozgarria da, jakina, baina bizpahiru izenburu salbu, erdipurdiko filmak dira eta sentsazio berbera izan dut ia guztiekin: beherapenetan arrantzatuz topatu dituzten pelikulak direla, ez dela benetako apustu irmorik egiten. Ea 2025etik aurrera nazioarteko gainerako haurrek ikusten dituzten lehen mailako izenburuak ere euskaratzen diren. “Vaiana 2” eta “Del Revés 2”, esaterako, katalanez estreinatu dira. Euskaraz zergatik ez?