GARA
DONOSTIA

Olaso Dorrearen museoa eta artxiboa gorpuztearren, funtsak biltzeko kanpaina abiatu du Fundazioak

Olaso Dorrea, Bergaran.
Olaso Dorrea, Bergaran. (Raul BOGAJO | FOKU)

Telesforo Monzonen jaiotzaren 120. urteurrena bete berritan, Olaso dorretxeak museo izaera eskuratu du Lakuako Gobernuaren aldetik. Horren karira, Olaso Dorrea Fundazioak bultzada eman nahi dio proiektuari, «Euskal Herrigintza Laborategia indartzeaz gainera, museoa eta bertan jasoko den artxiboa gorpuzteko».

Horretarako, Fundazioak diru funtsak bildu eta dohaintzak jasotzeko kanpaina abiatuko du, laguntza ekonomikoko «eredu zabal baten bidez».

Duela bost urte hasi zen Josefa Ganuza alargunak eta Isidro eta Maria Dolores anai-arrebek Telesforo Monzon hil ondoren sortutako Olaso Dorrea Fundazioa berritzeko prozesua. Monzonen ondarea mantentzea, XX. eta XXI. mendearen hasieran, figura abertzale garrantzitsuak zuen patronatuaren esku egon zen.

2019an Olaso Dorrea Fundazioak beste ibilbide bat hasi zuen Iratxe Esnaolaren lehendakaritzapean, patronatu eta proiektu berrituarekin, eta, Irati Jimenez lehendakari eta Maite Aristegi lehendakariorde izendatu eta dorretxea museo izendatu ondoren, «erronka eta aukera berriak» daudela nabarmendu du Fundazioak. Horren barnean kokatu du abiatuko duen kanpaina.

Pertsona fisikoei begira, «ohorezko babesle» dohaintza berritu du eta bost urterako izatea proposatu du, urtean 300 eurokoa. Jasotzen dituen ekarpen ekonomikoen bitartez, Olaso Dorreak «Monzon familiak hasitako lanean sakontzen jarraitu ahal izango du, Euskal Herria beti zerumugan dagoela».

Interesdunek www.olasodorrea.eus/babesletzak orrira, fundazioa@olasodorrea.eus posta elektronikora edo 638121675 telefono zenbakira jo dezakete, informazio zehatzagoa eskuratzeko.