DEC. 13 2024 AZKEN PUNTUA Negutu du azkenean Iker IBARLUZEA Meteorologoa Azaro epel eta lehorraren ostean, abenduak eta negu meteorologikoaren hasierak negua zer den oroitarazi digute azkenean. Azkenean diot, aurreko urteekin alderatuta hotzak beranduago iritsi baitira. Eta, horrekin batera, neguzalea naizelako eta elur kontuak iristeko gogoa ere banuelako. Izan berri dugun denboralea gauza ohikoa da urte sasoi honetan. Euri kontu ederrak izan dira, goietako aire hotzak ekaitzak eta kazkabar txikia ere utzi ditu eta mendietan behera elurra ere iritsi da, nahiz eta ez den maila oso baxuetara iritsi. Udazkenetik negura igarotzeko garaian eguraldiak halako kolpe bat ematen du, tenperaturak jaitsiz eta ondoren balio hotz edo freskoetan mantenduz. Orain, ondo bidean, aste batzuetan epel usain handirik ez genuke behar. Baina auskalo... Horrez gain, abisuak jarri direnean jendartean halako harrabots bat izan da; hau da, jendeak atentzio handiagoa jarri die abisuei, zetorrenaren berri hobeto adituz. Hori, nire ustean, Valentzian gertatu zenak ekarri duen ondorioetako bat da. Alarmistago ote garen esan nahi al du horrek? Ni ezezkoan nago. Jendeak arreta handiagoz jarraitzen ditu halako egoerak eta bertan ematen diren abisuak; besterik ez. Eta hori, nire iritziz, oso positiboa da.