DEC. 17 2024 Itzaletik argira ekarritako bizipenak Emakume ijito eta musulmanek bizi duten diskriminazioa ikusarazteko lana saritu du Emakundek 2024ko Berdintasun sariarekin. Berdintasunerako Emakumende Sarien berri eman zuten atzo. (Raul BOGAJO | FOKU) GARA Bi hautagaik jasoko dute 2024ko Berdintasunerako Emakunde Saria: Amuge EAEko Emakume Ijitoak Sustatzeko eta Ahalduntzeko Kulturarteko Elkarteak eta IMME Emakume Musulmanak Euskal Gizartean Integratzeko Elkarteak. Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak bi kolektiboetako ordezkariekin sarituen berri eman zuen atzo: Tamara Claverria, Amugeko kidea; eta Djamila Zereib, INMEko kidea. Epaimahaiak bi hautagaitzen izaera kolektiboa eta emakume ijitoek eta emakume musulmanek bizi dituzten diskriminazio mota anitzak ikusarazteko eta hauek artatzeko egindako lana baloratu ditu. Elgarrestak azaldu zuen, bi elkarteek «erakunde publikoek izan behar duten ikuspegi intersekzionalari» erantzuten diotela. Gainera, bai Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearekin, bai EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 Estrategiarekin bat datozela aipatu zuen. Gogorarazi zuenez, aitorpenarekin berdintasun politika publikoen erdigunean jartzen dira «askotan bazterretan egon diren emakumeen kolektiboak, eta, honako elkarteei esker, arlo publikoan pixkanaka presentzia gehiago dute».