DEC. 19 2024 PATRI URKIZU IDAZLE ETA IKERLARIA ZENDU DA Bizitza bat euskal literatura sortzen, ikertzen eta ezagutarazten Patri Urkizu idazle, ikertzaile eta irakasleak azken hatsa eman zuen atzo. Gaixotasun baten ondorioz hil da 78 urterekin. Bizitza osoa euskal literaturari, kulturari eta sorterriari eskaini dio. Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria, Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria eta euskaltzain urgazlea izan zen. Lezoko alkatea izan zen 1979-1983 urteetan. Patri Urkizuk Urrezko Luma jaso zuen joan den ekainean, Bilboko Liburu Azokaren aldetik. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU) GARA LEZO Patri Urkizu Sarasua idazle, irakasle eta ikertzaile lezoarra hil da, 78 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz, euskal literaturari, kulturari eta sorterriari bere lana eskaini eta gero. Gaztetatik poesia eta narratiba landu zituen, baina saiogile eta ikertzaile gisa izan zen emankorrena. Hainbat egile ezezagunen edo gutxi ezagutuen testu asko argitaratu zituen, uste osoa baitzuen eskuizkribu horiek argitaratu ezean nekez ezagutuko zela euskal literatura. Besteak beste, Eusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zen, bai eta euskaltzain urgazlea ere. Ahotsak.eus proiektuan haren hitzak jasota daude, Lezoko euskararen erakusgarri. Herriko hizkeraz gainera, euskara batua ere sustatu zuen; gainera, ondo ezagutu zuen haren sortze prozesua, GARAri azaldu zion bezala, urte haietan Salamancan Filologia Erromanikoa ikasten ari baitzen, Koldo Mitxelena irakasle zuela. Errenteriako hizkuntzalariak idaztera animatu zuen. IBILBIDEA Urkizu 1946an sortu zen Lezon (Gipuzkoa), aita erbestetik itzulitakoan. Herrian eta Donostian lehenengo ikasketak egin ondoren, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa) egon zen fraidegai karmeldarrekin. Nerabea zela, Erriberako fraide haiek bota egin zuten, irakurgai eta idatzi «susmagarriak» aurkitu baitzizkioten: gustuko zuen zientzia gaiez idaztea. Batxilergoa amaitu ondoren, Filosofia eta Letrak ikasi zituen Patxi Altunarekin, eta Madrilera joan zen Ingeniaritza ikastera. Han euskara eskolak eman zituen. Urtebete geroago, Salamancara egin zuen, eta ondoren Errenteriako eta Donostiako institutuetan irakasle jardun zuen. 1979tik 1983ra bitartean bere herriko alkate izan zen, eta euskararen erabilera eta itzulpen zerbitzua normalizatu zituen udaletxean. «Patrik egindako lana guretzat ispilu bat da», esan zuen Lezoko alkate Mikel Arrutik 2023ko abenduan, Urkizuren azken liburuaren aurkezpenean. Haren ustez, alkate lanetan garbi zuen «herritarren alkate baino gehiago, haien ordezkaria zela»; halaber, Urkizuren «gertutasuna eta apaltasuna» nabarmendu zituen. Gasteizen Euskal Filologiako doktoretza egin zuen; 1986an, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean, “Pierre D’Urteren hiztegia. Londres 1715” tesia aurkeztu zuen. EUTGn eta Bordeleko unibertsitatean euskal hizkuntza eta literaturako irakasle jardun zuen hurrengo urteetan, eta UNEDen jarraitu zuen, Madrilen. 1970ean argitaratu zuen bere lehenengo saiakera, ”Literatura eta kritika” (Lur), eta hurrengo hamarraldietan beste hainbat, batez ere antzerkiaz eta bertsogintzaz, baita artikulu ugari ere aldizkari eta egunkarietan. Poesia liburu bi ere plazaratu zituen: “Dorrejilko kanta” (Kriselu, 1977) eta “Zeren azken finean” (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1984). Narratibari dagokionez, “Nola Kursaal berria suntsitu zen” (Elkar, 1983) ipuin liburua, “Sekulorum sekulotan” (Kriselu, 1975), “Zoazte hemendik!” (Susa, 1995) eta “Suaren froga” (Erein, 2021) nobelak, besteak beste, aipatutakoak Urkizuren obra zabalaren lagin txiki bat baino ez dira eta. “Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak’ (Lezoko Udala, 2023) bere azken liburuan, idazle lezoarraren bizitza eta lanak ez ezik, Lezo ere oso presente dago; herri horren historiaren, bertako jendearen eta istorio ugariren berri ematen du lehen atalean. LEKUKOA Kontatutakoak bere familia eta adiskideentzat idatzi zituela dio liburuaren sarreran, baita «nire garaia bizi izan duen edonorentzat» ere, «beste lekuko bat gehiagoren moduan, zerbait beren oroimenen ganbara eta ibilbide propioa argitu diezaielakoan, agian», asmo apal eta baliotsu batekin: «Trapu zikinak nork bere etxe barruan, etxeko harraskan garbitu behar dituela esaldia oso zabaldua den arren, esperantza dut inor gehiegi mindu gabe, baina zenbait mito bere neurri apalera eramanez eta desmitifikatuz, eta gertakizunak neronek bizitu izan ditudan eran, argi eta garbi, aratz eta garratz beharbada adierazterakoan argi pittin bat urte gogor, zail eta odoltsu gertatu direnez emango dutela, eta historiaren letra handietarik kanpo, azpi ohar edota ertz ohar gisara kontsideratu daitezkeen hauek balioko dutela osatzen joateko, ororena behar duen historia, eta ez soilik garaileena». Idazlearen lan eskergaren emaitza patriurkizu.lezo.eus webgunean eskura dago. Bizitza oso bat Lezoko eta Euskal Herriko hizkuntzari, kulturari eta jendeari emana. SAIOGILEAGaztetatik poesia eta narratiba landu zituen, baina saiogile eta ikertzaile gisa izan zen emankorrena. Hainbat egileren testu ezezagunak argitaratu zituen, esate baterako, Jon Miranderen gutunak edo Agosti Xahoren kantutegia. EUSKARAEusko Ikaskuntzako Hizkuntza eta Literatura saileko zuzendaria eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria izan zen, bai eta euskaltzain urgazlea ere. Herriko hizkeraz gainera, euskara batua ere sustatu zuen. HERRIA«Eskribu galduen bila. Autobiografia eta kultur kritikak» (Lezoko Udala, 2023) bere azken liburuan, idazle lezoarraren bizitza eta lanak ez ezik, Lezo ere oso presente dago; herri horren historiaren, bertako jendearen eta istorio ugariren berri ematen du lehen atalean.