DEC. 21 2024 KOLABORAZIOA Garbiketako langileak ere Osasunbideko langileak gara Edur PEREZ, Lucía RUIZ* Garbitzaileak Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko garbiketa-zerbitzuko profesionalen plantilla osatzen dugun langileok gure lana erreibindikatu eta haren balioa nabarmendu dadila nahi dugu, baita herritar guztien osasun-laguntzaren egunerokotasunean duen garrantzia ere. Guk egiten dugun lanak zerbitzu garrantzitsu eta espezifiko askori eragiten die: ebakuntza-gelak, ospitalizazio-solairuak, hematologia, konorteratze unitatea... Paziente larriekin, adinekoekin eta hainbat gaixotasunekin tratatzen dugu; horietako gaixotasun batzuk kutsakorrak dira. Gainera, oso txukunak eta metodikoak izan behar dugu garbiketa-lanetan, ospitaleratuta dauden bitartean pazienteen bilakaera ona izateko eta haien ongizatea ziurtatzeko, eta gainerako profesionalek eta pazienteen laguntzaileek eroso egon eta lan ona egin dezaten. Hondakin biologikoekin, elementu infekziosoekin eta era guztietako objektuekin kontaktuan egoten gara, eta horrek, gu arriskuan jartzeaz gain, berariazko formakuntza edukitzea eskatzen du, bai garbiketa egiteko, baita pazientearekiko tratuarekin loturiko egoera desberdinei aurre egiteko ere, kontuan harturik zerbitzuen espezifikotasuna eta zainketen espezializazioa, eta, betiere, kalitatezko zerbitzu publiko batean bilatzen den eta espero den bikaintasuna helburu. Osasunbidean, garbiketako dozenaka langile ari gara lanean, eta gure lana gainerako langileena bezain garrantzitsua da. Hala eta guztiz ere, beste lankide asko bezala, langile «ez-sanitariotzat» hartzen gaituzte: osasun zentroetan lan egiten dugu, gaixoekin eta haien laguntzaileekin harremana dugu eta Osasunbideko eskubide osoko kideak gara, baina, hala ere, ez dugu aintzatespen bera. Horren adibide garbia da lanbide karreratik kanpo utzi izana, langile sanitarioei bakarrik aplikatzen baitzaie. Horregatik, gure lana erreibindikatu eta nabarmendu nahi dugu, eta Osasunbideari eta Osasun Departamentuari exijitu nahi diegu ezar ditzatela behar diren mekanismoak lanbide karrera guri ere aplikatzeko. Gure lana ahalik eta bermerik handienarekin egin ahal izateko prestakuntza espezifikoa emango digun lanbide karrera behar dugu; arreta hobea ematea helburu, gure esperientzia osoa eskaintzeko bidea emanen duen lanbide karrera behar dugu, eta, batez ere, garbiketako langileen eginkizunak ere ezinbestekotzat jotzen dituen lanbide karrera behar dugu. Izan ere, Osasunbideko engranajearen zati horrek huts egiten badu, gainerako zerbitzuek ezin izanen dituzte beren eginkizunak behar bezala bete. Garai bateko Nafarroako Ospitalearen atean bildu gara gure lanari ikusgarritasuna emateko eta argi uzteko ospitaleko garbiketa-zerbitzuak osatzen ditugun profesional guztiok ahalik eta zerbitzu onena eman nahi diegula herritarrei, berme guztiekin, eta horregatik eskatzen diogu Osasunbideari behar diren neurriak har ditzala hori hala izan dadin. *Sinatzaileak: Alicia Ripa, Oscar Flamarique, Yolanda Telo, Erkuden Ochagavia, Ana Isabel Labrador, Maria Goñi, Pol de Miguel, Pedro Fernandez, Cristina Lasheras, Patxi Salinas, Amaia Olangua, Jaione Oloriz, Maria Angeles Jaso, Pedro Calatayud, Ainhoa Beloqui, Maria Jesus Lahoz, Maria del Carmen Elola, Juana Maria Izcue, Natalia Sarasola, Amaia Ibarlucea, Ana Teresa Azcona, Jose Ignacio Martin, Elena Cidoncha eta Alberto Iturria.