MAITANE ALDANONDO
HERNANI
Interview
Maddi IRADI Peñagarikano
Fruta ekoizlea, 2023ko lehiaketako irabazlea

«Gabonetan konpota egiteko errege sagar asko saltzen dugu»

Sagarra familia kontua da iraditarrentzat. Hernaniko Zabalo-enea baserrian, mahaikoak eta sagardotakoak dira nagusi, bietako barietate ugari landatu baitzituen Manuel aitak. Sagardotegiei saltzen ez dizkietenak, azoketara eramaten dituzte, gainerako fruta arboletako aleekin batera. Santomas bezalako azoketarako onenak aukeratzen dituztela dio Maddi alabak (Hernani, 1991).

Jon URBE  FOKU
Jon URBE FOKU

Aitak erretiroa hartu zuenetik zuk hartu al duzu ardura?
Erretiroa… Honetatik ez dakit sekula hartzen den erretiroa. Elkarrekin aritzen gara, aitak egiten du gehiena eta guk ahal dugun bezala laguntzen diogu. Aitak 25 bat urte eramango ditu azoketara joaten, orain, adibidez, gu joatean gara gehiago. Txikitatik laguntzen diot. Sagarra bildu behar zela esaten zuenean, hasieran saski txiki bat zuen niretzako, orain semea daukat eta berari jartzen diot saski hori, kizki txikia... Azoketan ere, beti saltsan.
Iaz San Tomas eguneko azokako fruta lehiaketan saria jaso zenuten, baina aurrez ere beste asko irabazitakoak bazarete. Garrantzitsua al da?
Azoka berezi horietara eramaten dugun produktua onena edo da: ale handiak, ustel edo itxura txarra ez dutenak. Saiatzen gara fruta biltzen ari garenean ale handienak bereizten eta iraileko Ordiziako azoka berezirako edo santomasetarako gordetzen ditugu. Hori dena prestatzeak lan handia dauka, beraz, irabaztea bada egindako esfortzu guztiari saria. Asko pozten gaitu.
Fruta ale onenez gain, halako azoka berezietan itxurak garrantzia handia izaten du. Hasi al zarete aurtengoa prestatzen?
Erdi prestatuta dugu, bai. Fruta apartatzen joan gara eta mantela, saskiak... hori azken eguneko kontua izaten da. Postu polita jarri behar da azokan, goizeko seietarako joaten gara prestatzera.
Zein izaten da halako egunetan izaten duzuen eskaintza?
Fruta bakarrik daukagu eta beti kategoria horretan parte hartu izan dugu. Etxean baratza txiki bat badaukagu, baina hortik ateratakoak guretzako dira. Sagastiak ditugu gehienbat, igual, 50 sagar barietate desberdin, baita udareak ere. Aurten gutxi eduki ditugu, baina badauzkagu feijoak. Aitak duela urte asko ekarri zituen, zuhaixka antzeko fruta exotikoa da, berdea, bitamina asko duena. Kiwiak eta limoiondo batzuk ere badauzkagu, baina nagusiki sagarra eta udarea.
Lehiaketan ere parte hartuko duzue. Aurten ere sariren bat irabazteko asmoz al zoazte?
Beno, ea. Espero dezagun, baina ez dakit. Ez dago inor frutetara bakarrik dedikatzen dena, gainerako postuek barazkiak eramaten dituzte eta fruta pixka bat, baina gutxi gara fruta bakarrik eramaten dugunak.
Azoketara joaten zaretela esan duzu, hori al da zuen salmenta bidea?
Bai, nagusiki azokan saltzen dugu. Larunbatetan, Behemendiko azoka ibiltarian parte hartzen dugu. Hilabeteko lehenengoan, Easo plazan; bigarrenean, Hernaniko Plaza Berrian; hirugarrenean,Katalunia plazan, eta azkena Gaskuina plazan. Normalean, irailean hasten gara eta produktua bukatu arte, martxoan-edo, azoketan ibiltzen gara.
Lehiaketaz harago, santomasetakoa salmenta egun ona izaten al da zuentzat?
Nahiko ona, bai. Saria ondo dago, baina guretzat inportanteena saltzea da, hori da gehienbat nahi izaten duguna. Aspaldi ez zuen iaz bezain eguraldi txarra egiten, euria, haizea... Desastrea izan zen eta oso-oso gutxi saldu genuen. Baina, normalean, gehientsuena saltzen dugunak azoka bereziak izaten dira. Errege sagarra izan ohi dugu postuan eta Gabonetan konpota egiteko erabiltzen denez asko saltzen dugu. Data nahiko ona izaten da.