DEC. 24 2024 JOPUNTUA BPGren ehuneko bost, AEBei armak erosteko Mikel ARAMENDI Kazetaria Norbaiti itxaropen apurren bat geratzen bazitzaion bere bigarren agintaldirako Donald Trump zentzatuko zela edo, hobe du lurrera etorri. Lehengo lepotik dakar burua. Kargu nagusietarako aurreratu dituen izenek ez bazuten apenas baikortasunerako zirrikiturik uzten, dagoeneko kanporantz egin dituen adierazpen-purrustadek (Gaza, Panama, Kanada) iradokitzen dute, aldaketarik izatekotan, okerrerako izango dela. Baina Trumpen “The art of the deal”-aren aplikazioaren aparra dela esan dezakegun horren azpiko eltzekoari erreparatzen badiogu, kezka areagotu egiten da, zinez. Intelektualki, iradokizun nagusia izan daiteke Project 2025-aren egitasmoak noraino jar ote daitezkeen abian. Horretarako, ordea, dena delako horren baitako erretorika-orbel joria eskuaretu behar da lehendabizi... Neurtzen askoz errazagoak diren zirkin praktikoak argitaratzen ari dira, alabaina, eta horiek bai direla kezkagarriak. Deigarriena, oraingoz, NATOko kideek gastu militarra («defentsa aurrekontua») BPGren %5era goratu beharko luketela dioen hori da. Ez da aztia izan behar Trumpek burutazio hori nola negoziatuko duen asmatzeko: NATO bertan behera utzi eta “aliatuei” hor konpon esango diela imintzioa eginez. Apoa irents dezaten. Dezagun. Kontraesankorra dirudiela bere burua gerren etsaitzat duenak horrelako inbertsioa eginarazi nahi izatea armetan? Ez pentsa. Alde batetik, gogoan izan behar delako Trumpen hiztegian “aliatu” hitzak “morroi” esan nahi duela. Segurtasuna saltzen zaion morroia... nagusiak ereiten dituen arriskuetatik babesteko. Nagusiak salduko dion tresneriarekin “babestu” ere. Mendebaldeko edozein herrialderen gastu militarraren zati potoloena arma erosketara bideratzen baita. Eta denok dakigu non erosten diren haietan konplexuenak eta, beraz, garestienak. Trump ez da ergela. “Bezero” ere esan nahi du “aliatu” hitzak. Lau urtez segidan gastu militarra/BPG proportzioa goratzen aritu eta gero, %1,45ean zegoen Estatu espainola 2022an. Atera kontuak. Deigarriena, oraingoz, NATOko kideek gastu militarra («defentsa aurrekontua») BPGren % 5era goratu beharko luketela dioen hori da