«Zainetan sentitu nuen herri honek pairatu duen sufrimendua»
2007ko abenduaren 25ean hil zen Nati Junco, Teruelen preso zuten bere alabaren bikotea bisitatzera zihoala izandako istripuaren ondorioz. 17 urteren ondoren, Amaia Antia Junco alabak eta Unai Gonzalez Azua bikoteak mina dakarte lerro hauetara, baita aitortza ezaren salaketa ere.
Aitortza ofizialik ez dute, oraindik, dispertsioaren eraginez hil diren presoen 16 senideek. 2007an hil zen Nati Junco Oleaga. Istripu berean zaurituta ospitaleratu zuten Amaia Antia Junco alaba.
Pasa dira urteak, baina oraindik mingarria da gertatutakoa gogoratzea?
Bai, noski, oso mingarria da. Denborak guztia sendatzen duela esan ohi da, baina ez da egia, denborak gertatutakoarekin, minarekin, galerarekin bizitzen ikasten laguntzen dizu. Ikasi bai, egiten da, gainditu inoiz ez. Istripuko irudiak grabatuta ditut burmuinean, momentuan bizi izan nuen beldurra, etsipena eta amorrua nire bihotzean finkatuta gelditu ziren nolabait.
Zer emozio gailentzen dira halako zerbait bizitzean? Amorrua? Mina?
Istripua abenduaren 22an izan genuen eta 25ean ama hilda zegoela esan ziguten. Ez zidan denborarik eman ikusteko, ospitalera bidean geunden betiko itzali zenean.
Oso zaila da hitzekin azaltzea horrelako gertaera batek sentiarazten dizuna. Hasieran haserrea eta amorru bizia sentitu nituen gu jo gintuen kamioi gidariaren aurka, nire bikotea etxetik urrun izatea erabaki zuten guztien aurka, nire amaren heriotza politizatu nahi izan zutenen aurka... Gero, tristura, ulertezintasuna eta bakardadea etorri ziren.
Ez nintzen ohartu egoeraren krudeltasunaz, bikotea hiletara ez zutela ekarriko esan zidaten arte. Elkarrekin egotea zen momentuan behar genuen gauza bakarra, eta hori ere kendu ziguten. Orduan zainetan sentitu nuen herri honek urteetan zehar pairatu behar izan duen sufrimendua.
Istripua izan eta zure bikoteak espetxean jarraitzen zuen, nola kudeatu zenuten gaia zuen artean?
Hasieran oso gogorra izan zen. Beldur handia hartu nion errepideari, baina gure bisitekin jarraitu nahi nuen, hori behar genuen eta. Lagun on batek asko lagundu zigun momentu hartan, bera izan zen nire txoferra nik gidatzeari hartu nion beldurra gainditu nuen arte. Gure bis a bis-ak negar egiteko erabiltzen genituen. Hamabostean behin elkartu eta besarkatuta ematen genuen tarte hori, hitz gutxi zeuden esateko, baina malko asko ateratzeko. Nirea galera handia izan zen, baina nire bikotearena ere bai, amak eta berak pila bat maite zuten elkar.
Bikoteak beti errespetatu du behar izan dudan erritmoa, publikoki ez hitz egiteko erabakia, zein bide jarraitu eta zein ez. Maitasun handia egon da beti gure artean, eta horrek atera gintuen aurrera, gorrotoaren eta amorruaren gainetik.
Zuen mina aitortua izan dela sentitzen duzu?
Ez, inondik inora.
Erreparatu daiteke halako galera bat? Zer beharko litzateke horretarako?
Erreparatu? Hori ezinezkoa da. Momentuan agintariek ahalik eta min gehien eman nahi zuten, presoen eta haien familien sufrimendua haien helburu nagusi bat zen, bestela dispertsioa zertarako? Gure seme-alabek ezingo dute inoiz haien amamaz gozatu, baina gure bitartez ezagutzen dute. Amama nola eta zergatik hil zen badakite, inoiz ez diegu egia ezkutatu. Mina arintzeko modu bakarra gure seme-alabek haien herriaren historia ezagutzea eta gizarte hobe bat eraikitzearen alde lan egitea da.