AGUR BATEN LEHEN NOTAK
Atarrabiari «agur» esan zion Hatortxu Rockek. Milaka lagun elkartu ziren, hainbestetan errepikatutako «azkena izan dadila» esaldiari abiada emateko. Musika, elkartasuna eta hainbat sorpresa tarteko, urte hauetan guztietan lortutakoa ere ospatu zuten. «Hatortxu badoa, baina Hatortxu osatzen dugunok ez goaz inora», zin egin zuten.
«Beste bat loturik deino, ez gara libre izango» abesten zuen Mikel Laboak (eta beste hamaika taldek bertsio ezberdinetan). Bide horretatik abiatu zen Hatortxu Rock duela 25 urte, eta bide beretik egin zuten larunbat honetan azken-aurreko edizioa, agurra Atarrabiari. «Agur esateko unea iritsi da. Eta ez dugu tristuraz esaten, ez gaude burumakur. Hatortxuren agurrak baduelako onetik ere. Bada lorpenik. Bada garaipenik. Bada zer ospatu… Denon artean bultza egin ostean, lortu baitugu dispertsioari amaiera ematea. Dispertsioa ez da amaitu. Amaitu egin dugu. Ez da desagertu. Desagerrarazi egin dugu», adierazi zuen antolakuntzako kide den June Etxeberriak 21.30 inguruan egin zen ekitaldian, jaialdia bera martxan jartzea ekarri zuten arrazoiak gogora ekarriz.
Asmo horrekin jaio zen Hatortxu 1999an. Dispertsio politikarekin amaitzea eta, iraun zuen urte luzeetan, sakabanaketa horren zama arintzea zen xedea. Bi helburu hauek beteta, uztailean Lakuntzan egingo den lau eguneko ekitaldi berezi batean esango du «agur» betiko Hatortxuk. «Baina ez gaitezen engaina, hemen ez da ezer amaitu. Etxetik gertu ditugu, bai, baina gurekin nahi ditugu. Den-denak!», gehitu zuen Etxeberriak.
Eta zin ere egin zuen. «Promesa bat egingo dizuegu. Promesa bat egingo diogu geure buruari. Eta sinplea da promesa hori: den-denak aske izan arte jarraituko dugula lanean. Hatortxu badoa. Baina Hatortxu osatzen dugunok ez goaz inora. Ez behintzat denak gurekin izan arte».
Denbora luzean hausnartutako eta eztabaida luzeen ondorengo erabakia da Hatortxuk iragan ekainean iragarri zuena. Euskal Herri mailan eta baita nazioartean ere aitorpena izatera iritsi den elkartasun jaialdi bat da, boluntarioek aurrera ateratzen dutena.
Goizeko lehen ordutik zegoen mugimendua Atarrabian. Gunearen kanpoaldean, furgoneta ugari. Barruan, Hatortxuko kideak azken prestaketetan. Soinu frogak, lona bat ongi jarri, eta bazkari sendo batekin, indarrak hartu. Hainbat boluntario ere baziren, nahiz eta gehiengoa 15.00etatik aurrera iritsi. Instrukzioak entzun, petoa jantzi, eta bakoitza bere tokira, publikoari behar gisako harrera egiteko.
16.00etan ireki zituen ateak elkartasun jaialdiak, eguzki goxo batek lagunduta, eta 06.30ean itxi, azken aldiz. Gauak eta zero azpiko tenperaturak lagunduta. Hori bai, goxotasuna nabarmena zen karpa barruan. Eta baita eszenatokiaren atzealdean ere. Zaintza azpimarragarria, bai lanera bai parrandara zetozen guztien esku.
Hasiera-hasieratik hasi zen jendea gerturatzen, Apotheke, Sofokaos, TOC edo Roba Estesaren kontzertuez gozatzeko asmoz. Hauek guztiak estreinakoz zeuden jaialdian. 19.10ean iritsi zen Lendakaris Muertos, hainbatetan eszenatoki hau zapaldutako taldea, eta ordurako, guneak, bi espazio ezberdin izan ziren-eta, jendez lepo zeuden. Adostuta egonen balitz bezala, milaka lagun horiek harmonian banatu ziren denbora-tarte bat partekatzen zuten Tatxers eta ETSren kontzertuetan, ekitaldiari hasiera eman aurretik.
ESKERRAK BIDELAGUNEI ETA ESPONTANEOEI
Hasieran aipatutako Laboaren ereserki hark honakoa ere badio: «Bakoitzak urraturik berea, denon artean geurea». Eta hala ibili ziren larunbat honetan Hatortxuko kideak ere. Guztira 900 bat lagun elkartu ziren, 29. eta azken-aurreko edizio hau posible egiteko. Batek txupitoa jarri, besteak berogailu sistemak funtzionatzen duela egiaztatu, hurrengoak eszenatoki gaineko denborak kontrolatu, denontzako gune segurua bermatu, hanburgesa puntuan egin edo ehunka boluntario horiek guztiak kudeatu.
Auzolana izan da hamarkadatan elkartasun jaialdi hau posible egin duen motorra. Eta azken txanpa honetan ere ezin beste modu batean izan. Hau izango da Hatortxuk berak utziko duen ondareetako bat. Atzokoa ere horren eredu izan zen. Peto laranjak han eta hemen.
Oholtza gainetik, antolakuntzako kide den Aitor Agirrezabalek auzolan hori guztia jarri zuen balioan, eta urte luze hauetako guztietako bidelagunei eskerrak eman nahi izan zizkien. Horiei guztiei, Atarrabiako Udalari eta Etxebeltzan elkarteari, zeintzuei oroigarri bana eman zitzaien, azken hamarkadan ezinbesteko babesa helarazteagatik.
«Agur esatea zaila izan daiteke. Baina errazagoa da zuekin batera», adierazi zien bertaratutako guztiei, etorkizunean ere lanik ez dela faltako nabarmenduz. «Eta gorde indar apur bat. Bihartik aurrera, jarraitu dezagun geure auzo eta herriak astintzen. Auzolana baita urte luzez jaso dugun eta elikatu dugun ondarea, baina baita etorkizunean etorriko den guztiaren giltza ere. Loratu dadila elkarlanaren herria, denon artean eraikitzen den herria! Gora Hatortxu!»
Udan Lakuntzan izango den zitarako indarrak gordetzeko gonbita egin zuen Agirrezabalek, eta ohikoa den brindisa abiatzera zihoanean, espontaneo batek egin zuen salto eszenatokira. Espontaneoa bai, baina ez ezezaguna. Ile urdin eta zapata handiekin, Porrotx agertu zen bat-batean oholtza gainean, pop izar gisa, bertaratutakoen txalo eta oihuak piztuz eta, orduan bai, azken-aurreko topa hori gidatuz, oraindik ere Hatortxun egoteko aukerarik ez duten guztiak gogoan.
Eta segidan, atsedenik gabe, Su ta Gar taldearen txanda iritsi zen, jaialdi hau zer den gutxik bezala azaldu dezakeen banda. Izan ere, 1999an, Berriozarko frontoian lehen edizioa egin zenean, bertan izan ziren. Ez dago talderik haiek baino gehiagotan Hatortxun jo duenik. Guztira, bederatzi aldiz. Atzo, mende laurden beranduago, ez zuten hutsik egin eta gazte eta ez hain gazteen esku jarri zituzten, beste behin, hainbat belaunaldirentzat ereserkiak izan diren hainbat kanta.
LAKUNTZA, AGURRAREN AZKEN NOTAK
Arratsalde eta gau guztian zehar oso presente egon da Lakuntzan uztailaren 24tik 27ra biziko den zita berezi hori ere, Atarrabian hasitako agur hau bertan itxiko baita. Jai giroan zeudenen artean nabaria izan da gehiago jakiteko nahia. Eta bazka pixka bat eman die antolakuntzak. Izan ere, egun guztian zehar pantailetan hainbat izen iradokitzen zituzten bideo batzuk ikusi ahal izan ziren. Apusturik ez zen falta.
Dena den, gosetiek ez dute gehiegi itxaron beharko. Izan ere, datozen egunetan lehen lagin bat aurreratuko du antolakuntzak, Sakanako herrian egingo den agurrari forma ematen hasiz.
Oraingoz, Atarrabiako ateak itxi dira, desmuntatze eta garbiketa lanak salbu. Baina herri honen oroimenean geratuko da Hatortxu Rock, Indurainen atzetik Atarrabia mapan jartzeagatik eta, batez ere, elkartasunari jai giroan forma berezi bat emateagatik. Agur, ba, Atarrabia, eta «laster arte» Hatortxuri, Lakuntza ortzi-mugan izanda elkartasun istorio bat borobiltzeko prest.