Erabilera bakarreko zigarreta elektronikoa debekatuta dago atzotik Belgikan
Urtarrilaren 1etik, erabili eta botatzeko zigarreta elektronikoen salmenta debekatuta dago Belgikan. EBean neurri hau hartu duen lehen herrialdea da. Milanen (Italia), berriz, kalean eta bestelako espazio irekietan zigarreta tradizionalak erretzea debekatu dute, erretzailearen eta inguruko pertsonen artean 10 metroko distantzia ez badago.
Urtearen lehen egunarekin, indarrean sartu zen Belgikan erabilera bakarreko zigarreta elektronikoa saltzeko debekua. Europako Batasunean (EB) neurri hau aplikatu duen lehenengo herrialdea da. Gailu hauek osasunean eta ingurumenean sortzen dituzten arazoek bultzatu dute Gobernu belgikarraren erabakia.
Frank Vandenbroucke Belgikako Osasun ministroak esan zuen zigarro elektronikoak mehatxu bihurtu direla batik bat nerabeen osasunarentzat, hauek erretzeko ohiturara erakartzeko eta nikotinarekiko adikzioa garatzeko baliabide erraza baitira. «Erabili eta botatzeko zigarreta elektronikoak produktu berriak dira, kontsumitzaile berriak erakartzeko soilik diseinatuak», nabarmendu zuen elkarrizketa batean.
Gainera, erabilera bakarrekoak direnez, zigarreta elektronikoen «plastikoa, bateria eta zirkuituak zama dira ingurumenarentzat», ohartarazi zuen Vandenbrouckek. Gaineratu zuen, halaber, «hondakin kimiko arriskutsuak» sortzen dituztela.
KALEAN ERRETZEKO DEBEKUA
Milanen, berriz, elektronikoarenak ez, baina zigarreta tradizionalaren gaineko debekuak zorroztu dituzte. Italiako hiri honetan, atzotik debekatuta dago kalean edo bestelako eremu irekietan erretzea, baldin eta erretzaileak gainontzeko pertsonengandik hamar metroko distantzia mantentzen ez badu. Neurri honek ez die zigarreta elektronikoak erretzen dituzten pertsonei eragingo.
Lombardiako hiriburuan 2021. urtetik debekatuta zegoen berdegune publikoetan erretzea, salbu eta posible zenean hamar metroko segurtasun tartea errespetatzea, haurrentzako jolasguneetan, autobus geltokietan eta taxi geltokietan, baita kirol instalazio guztietan ere.
2025. honetako lehenengo egunetik aurrera, baina, hiriko espazio ireki guztietara zabaldu da debekua.