Gaizka IZAGIRRE

Musika dokumentalen gorakada: Itoiz, Enarak, Berri Txarrak edo Izaro

Izaro-ren “Limoiari eztia”, Berri Txarraken “Dardara”, Zetaken “Hau ez da kontzertu bat”, Bulegoren ‘‘Amets bat da, baina esna gaude’’ edo gaur bertan estreinatuko den “Itoiz, udako sesioak”. Musika dokumentalen gorakada nabarmena izaten ari da azken urteotan, eta Euskal Herrian loraldi moduko bat bizitzen ari dela esan daiteke.

«Itoiz, udako sesioak» dokumentaleko une bat; aktoreekin filmatutako pasarte batzuk ditu filmak, nortasun berezia eransten diote lanari.
«Itoiz, udako sesioak» dokumentaleko une bat; aktoreekin filmatutako pasarte batzuk ditu filmak, nortasun berezia eransten diote lanari. (DOXA PRODUCCIONES)

ez da erraza musika talde bati buruzko dokumental bat egitea; tira, ez behintzat topikoak saihestu gabe. Are zailagoa da talde zein musikari jakin horren jarraitzaileak ez direnen artean arreta piztea.

2011. urtean estreinatu zen “Foo Fighters: Back And Forth” dokumentala adibide ona iruditzen zait. Lan honetan, musikariek bizi izandako esperientziak azaltzerako orduan, guztien zintzotasuna nabarmentzen da. Talde, idolo edota miresten ditugun izen horien atzean gu bezalako pertsona arruntak daudela adierazten da, dena dirudiena baino askoz ere arruntagoa eta gizatiarragoa dela.

Izan taldeei edo kontzertuei buruzkoak, genero honen historia arakatuz gero ohartuko gara betidanik egon direla honelako proposamenak; “Don’t Look Back” (D.A. Pennebaker, 1967), “The last Watz” (Martin Scorsese, 1978), edo “Stop Making Sense” (Jonathan Demme, 1984), esate baterako.

Azken urteotan, ordea, ekoizpen hauen gorakada itzela izan da. Iaz, adibidez, Filmaffinity webguneak jasotzen dituen datuen arabera, ia 100 ekoizpenetik gora jaio ziren nazioartean.

«SUPERFAN» FENOMENOA Pertsona ospetsuak, musika taldeak edo kultura herrikoiaren barruko muturreko zale amorratuei “superfan” deritze. Ez dira jarraitzaile arruntak; miresten dituzten artista horiek ikusteko edozer egiteko prest dauden pertsonak dira. Anekdotikoa dirudien korronte hau uste duguna baino pisu handiagoa izaten ari da merkatuan. Izan ere, gero eta entzule zatituagoak eta sakabanatuagoak dituen musikaren industriak jarraitzaile konprometituenengan aurkitu du urrezko arrautzen oiloa. Munduko inbertsio eta balore banku talde handienetako bat den Goldman Sachsen txosten baten arabera, mundu mailan industriak 4.200 milioi euroko irabaziak izan zituen iaz, muturreko jarraitzaile hauei esker.

Fenomeno ekonomiko horrek ere badu bere translazioa alde intimora. Zaleek gehiago gastatzen dute eta aldi berean beren idoloak sakonki ezagutzea ere eskatzen dute. Kontzertu askoren “VIP esperientziak” direlakoak, musikariak gertutik ezagutzeko aukera ematen dutenak, esaterako, segituan agortzen dira.

Hor bertan topatuko dugu musika dokumentalen gorakadaren erantzuleetako bat: plataforma digitaletako arduradunek badakite idolo horien alde intimoak edo sekretuak erakusten dituen ikus-entzunezkoak sortuz gero, trukean, milioika zaletuen ikustaldiak eta harpidetzak jasoko dituztela.

«ITOIZ, UDAKO SESIOAK» Adibide apurtzaileak dauden arren, musikariei buruzko lanek nahiko narratiba tradizionalak erabili ohi dituzte gehienetan, are gehiago Euskal Herrian. “Itoiz, udako sesioak” ez da kasu horietako bat; bai formaz eta baita edukiz ere bide berriak proposatzen ditu. Juan Carlos Perez, taldeko liderra gogoeta sakon batean murgildu da, argitaratu gabeko zinta bilduma baten aurkikuntzaren ondorioz. Itoiz musika taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat hasiko du, iraganarekin adiskidetzeko balioko diona; taldeak 70eko hamarkada hasieran rock progresiboan murgilduta igarotako urteak birgogoratuko ditu bertan. Hamarkada bateko ibilbide labur baina arrakastatsuaren ondoren, Perezek taldea amaitutzat eman zuen. Arrakastaren gailurrean, taldea desegitea erabaki zuen; 30 urte geroago, arrasto horiek ezin dira ezabatu. Aztarna horiek guztiak bildu dituzte lan honetan. Taldeari buruzko datu zaparrada edota testuinguru sozial, politiko eta kulturalari buruzko erreferentzia etengabeak topatuko dituzula uste baduzu oso oker zabiltza. Narrazioak ez du biopic musikalen egitura eta forma klasikoaren bidea hartzen, inondik inora ere; emozioa eta sorkuntza gailentzen dira, ez informazioa.

Aktoreekin filmatutako pasarte batzuk ere ageri dira, Perezen gaztaroa irudikatzen dutenak; 4:3 formatuan eta estetika vintagea erabiliz, une hauek esentzia oso berezia eransten diote kontakizunari. Birsorkuntzak baino, oroitzapen baten grabaketak dirudite, nostalgia eta malenkonia kutsu oso berezia dute, ia film labur independente moduan funtzionatuko balute bezala. Txarli Arguiñanoren argazkilaritza lanari eta Koldo Jonesen zuzendaritza artistikoari esker, fikziozko pieza horiek lurrin zinematografikoa dute.

EUSKAL MUSIKARIEN B ALDEA

Nazioartean ez ezik, Euskal Herrian ere musika dokumentalek loraldi moduko bat bizi dute. Sare sozialen eta streaming plataformen eztandak eraginda, talde eta artista asko euren B aldea erakustera ausartu dira azken urteotan.

Aurten estreinatuko den pieza berezi bat nabarmentzen hasiko naiz: Beñat Iturrioz hernaniarraren “Enarak”. 1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Garaiko jendartean oraindik arrotzak ziren pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971n misteriotsuki desagertu ziren, betiko. 50 urte ondoren, abeslariaren semea, Beñat, taldearen aztarnen bila abiatuko da, ornitologia, collagea eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduz.

«Amets bat da, baina esna gaude». Tomas Lizarazuren hitzak dira, Bulego taldeko abeslariarenak. Taldeak 2022an egindako ibilbideaz dihardu, espero zutenaz eta lortu dutenaz; horri buruzkoa da “Gure bizitzako lehen bira” dokumentala. Kontzertuetako irudiak, furgonetako bizipenak, bidaiak eta taldekideen hausnarketak uztartu dira bertan.

Nafarroa Arenako “Mitoaroa” kontzertu historikoaren aurretik, “Zetak: Hau ez da kontzertu bat” dokumentala aireratu zuten. Pello Reparaz eta bere taldea inoiz ez bezala ezagutzeko aukera emango digun ikus-entzunezko lana da. Unanun, “Aaztiyen” azken lanaren inspirazio iturri izan den Sakana bailarako herri txikian, taldeak joan den irailean emandako kontzertuaren nondik norakoen berri ematen du lanak.

2022ko maiatzaren 7an Donostiako Anoetako Belodromoan egindako kontzertura bidean Izarok bizitako erronken eta erronka hauekiko hausnarketen bilduma ‘‘Izaro: Limoiari eztia’’ lanean topatu daiteke.

Berri Txarraken agurrak suposatu zuen guztia laburbiltzea ezinezkoa den arren, “Dardara” ikus-entzunezkoan Marina Lameirok emozio horien lagin bat flaskoratu zuen. Taldearen “Ikusi arte” biran filmatutako irudiak helduleku gisa hartuz, eta Gorka Urbizuren hausnarketak gida moduan, dokumentalaren ardatza, mundu osoko (Euskal Herria, Mexiko, Alemania, Japonia…) jarraitzaileek Berri Txarrakekiko pasioa nola bizi duten erakustea izan zen. Sortzailearen, publikoaren eta obraren arteko harremanaz diharduen ikus-entzunezkoa da.

“Salda badago: Euskal Rockaren hastapenak”; dokumentalaren izena Hertzainak taldearen kantu batetik dator. 23 elkarrizketa aurkezten ditu, 1975 eta 1990 urteen artean rocka egin duten musikariekin grabatuak: Barricada, Hertzainak, Itoiz, Zarama... Bestalde, garai hartako irudi ikusgarriak erakusten ditu. Alabaina, rockaren eztandak Euskal Herriko beste mugimendu batzuekin bat egin zuen: gaztetxeak, irrati libreak eta fanzineak...

Amaitzeko, euskal zinemagintzaren bitxikeria horietako bat, 2012. urtean Fermin Muguruzak sortua: “Zuloak”. Arrate Rodriguez, Tania de Sousa, Ainhoa Unzueta, Naiara Goikoetxea eta Izaskun Muruaga dira protagonistak, Mai Bass, Alba Burgos eta Ursula Strongek (Niña Coyote) lagunduta. Fikziozko lana da, existitu ez den musika talde bati buruzkoa, emakumeek bakarrik osatutakoa.

Aipatutakoak adibide batzuk besterik ez dira, baina gehiago ere topatu daitezke.

ETORKIZUNEKO TRESNA? Ikus-entzunezko hauek, artistek posizionatzeko duten estrategiaren parte bihurtu direla dirudi. Etorkizunean, agian, disko eta merchandisingarekin batera, guztiek izango dute euren alderik intimoena arakatzen duen lan hauetako bat.