Martxel TOLEDO GARMENDIA
KOLABORAZIOA

Atzera pausorik ez!

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (NEPF) abenduaren 28an Iruñean egindako Batzarrean erabaki zuen Euskadiko Euskal Pilota Federazioak (EEPF) bazkide izateko egindako eskaera onartzea. Eta, ondorioz, erabaki horrek gure euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna onartzea dakar. Eta horrek sutan jarri ditu gure betiko etsaiak. Eta gezurra eta manipulazioa erabiliz, beraien aldeko prentsa eskuindarra lagun hartuta, ikusi baino ez noraino iritsi nahi duten, alegia, NEPFak Batzarrean onartu zuen erabaki demokratiko bat bertan behera uzteraino. Eta, horretarako, ahalegin guztiak egiten daramatzate azken hilabeteak. Urtarrilaren hasieran Espainiako pilota Federazioak, Kubako pilota Federazioarekin batera, Nazioarteko Kirol Auzitegi Gorenak Suitzan duen egoitzan, Nazioarteko eta Euskadiko Euskal pilota federazioak demandatu ditu salaketa baten bitartez. Eta jarrera horrek argi erakusten du ez daudela prest beraiek Madrilgo Kongresuan hartutako erabakiak errespetatzeko.

Ofizialtasunaren bidean, euskal pilota selekzioaren aldarrikapenak, gurean, 30 urtetik gora daramatza. Kuban 1990 jokatu ziren Munduko euskal pilota txapelketan eman zitzaion hasiera, eta orain arte, saiatu arren, kontu ezberdinengatik baina batik bat gure borondate politiko faltarengatik ezin izan da lortu. Orain, zorionez, ametsaren zati bat lortu denean, betikoak hankaz gora jarri nahian dabiltza.

Lotsagarria eta penagarria da gertatzen ari dena. Pentsatu arren, ez nuen uste herri honi hainbeste gorroto ziotenik, are gutxiago, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak hartutako erabakia pilota munduarentzat onuragarria baino ez denean, baita espainiarrak sentitzen direnentzat ere, besteak beste, lehiakortasuna eta parte hartzearen aldetik euskal pilotarentzat aurrerapauso handia suposatu dezakeelako.

Baina hori berdin zaie UPN eta PP alderdi eskuindarrei eta beraien jarraitzaileei, kirolaren gainetik helburua betikoa delako, alegia, Euskal Herriaren existentzia bera ukatzea. Horregatik ez dute onartzen euskal pilota selekzioak lortutako garaipen txiki hori, eta aurreko egoera berdinera itzuli nahi dute, alegia, ukazioan jarraitu nahi dute. Eta gero lotsarik gabe esango dute kirola eta politika ez direla nahasi behar.

Berriro diot, Iruñean abenduaren 28an Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak bere batzarrean hartutako erabakia oso garrantzitsua da, kirol arloan euskal pilotarentzat oso ona izan daitekeelako eta bestetik, nazio ikuspegitik begiratuta ere, gure herriarentzat aurrerapauso bat, txikia izan arren, badelako. Orain guztion erronka EAEko eremutik Euskal Herrikora pasatzea izan behar du.

Horregatik ezin dugu inondik inora atzerapausorik eman, alderantziz, aurrera eta denok batera eman behar ditugu, alegia, Euskal Pilota Federazioaren gidaritzapean, klubak, pilotariak, pilotazaleak, hedabideak... Aurrera egin behar dugu, besteak beste, orain arte lortutakoa denon artean defendatzeko garaia delako.

Alde horretatik, aipatu eta batik bat baloratu behar da azkenaldian NEPFrekin batera EEPF egiten ari den lan eskerga, maiatzean Gernikan eta azaroan Bilbon jokatuko diren nazioarteko Kopa txapelketei begira. Ondo bidean, zorionez, ezkerparetan lehen aldiz euskal pilota selekzio bat ikusteko aukera izango dugulako. Bazen garaia!

Horregatik uste dut euskal pilotazaleok asko dugula jokoan eta ezin dugula atzerapausorik onartu, besteak beste, hainbeste urtetan aldarrikatu eta borrokatutako euskal pilota selekzioa, laster ikurrinarekin nazioarteko txapelketa ofizial batean lehian ikusiko dugulako.

Eta agian horrek batzuei ezinegona eta tripako mina sortu arren, herri honek bereziki maite duen eta berea bezala sentitzen duen euskal pilotan selekzio propioa izatea merezi duelako. Ospa dezagun!