Nortasun itzela duen proposamen ausarta

Pablo Hernando gasteiztarraren “Una ballena” film luzea ikustera doazenentzat gomendioa: aldez aurretiko jarrera ona izan, erantzi aurreiritziak eta onartu zuzendariak hasieratik proposatzen dituen kode bereziak. Ez da arrazoizko eran ikusi beharreko filma, atmosfera berezi batean harrapatuta geratzeko prest dauden ikusleek soilik gozatuko dute: zinema beltzaren, zientzia fikzioaren eta beldur lovecraftiarraren elementuak uztartzen dituen pelikula ezohikoa da. Fantasiazko eta misteriozko “euskal-noir” honetan, Ingrid García-Jonssonek soldatapeko hiltzaile baten rola jokatzen du. Infiltratu eta arrastorik utzi gabe desagertzeko gaitasuna du. Gainera, naturaz gaindiko trebetasunak ditu. Argumentuak bi “munduren” arteko ertzean dagoen pertsonaia baten barne gatazkekin jolastuko du. Jonssonek ‘‘Blade Runner’’ filmaren erreplikanteak gogorarazten dituen lan liluragarria eskaintzen du, bere presentzia oso magnetikoa da.
Euskal Herriko klima euritsua ezin hobeto egokitzen da filmean bilatzen den tonu eta atmosferara; girotzea beste pertsonaia bat gehiago da. Eszenaratzea sinbologiaz eta poesia bisualez blaituta dago. Atmosfera itogarri horren konposizioan Sara Gallego argazki zuzendariaren eta Izaskun Gonzalez konpositorearen lana ezinbestekoa da. Giro misteriotsu horrek ezkutuko indarkeria dinamikak ikusteko aukera ematen du.
Istorio arruntak bilatzen dituzten ikusleek arbuiatu egingo dute filma: metaforak arrazionaltasunaren gainetik jartzen dira eta narrazioaren hoztasunak honen aurka jotzen du zenbait unetan.
Nortasun itzela duen proposamen ausarta eta indartsua ehundu du Pablo Hernandok.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

La Unión Europea propone un plan de previsión de crisis en pleno rearme

«La Justicia nunca ha investigado nada, siempre se ha puesto de perfil»

IRUÑA-VELEIA AUZIA «BEHIN BETIKO» ARGITZEAREN ALDE
