Martxoko azken ostiralak «Puzzlea bete arte» maiatzeko ekimena iragarri du
Sarek eta Etxeratek maiatzaren 17 eta 18rako ekimena prestatu dute, oraindik salbuespen egoeran dauden presoen herrietatik igaroko dena. Horren berri eman zuten martxoko azken ostiralean. «Konponbide osoa emateko falta dena ikusaraziko» du egitasmoak, hain zuzen. Datozen asteetan emango dituzte xehetasun gehiago.

Espetxean hamarkada asko daramatzaten eta salbuespen egoeran dauden presoen errealitateak espetxeetako auziaren konponbidea «oztopatzen» duela uste dute Sarek eta Etxeratek. Hori ikusarazteko, ekimen berezia egingo dute maiatzaren 17an eta 18an.
Hala jakinarazi zuten martxoko azken ostiralean egindako mobilizazioetan. Orotara, 3.400 pertsona inguru elkartu ziren Euskal Herri luze-zabaleko hiri, herri eta auzoetako plazetan, antolatzaileek emandako datuen arabera.
Tokian-tokian, ezaugarri bereziak hartu zituen deialdiak. Errenterian, esaterako, Asanblada Feministarekin batera egin zuten elkarretaratzea iluntzean, preso dauden emakumeek «zigor hirukoitza: soziala, pertsonala eta penala» pairatzen dutela salatzeko. Bilboko mobilizazioan, aldiz, larriki gaixorik dagoen preso Gotzon Telleriaren aldeko aldarriak ikusi ahal izan ziren, “Gotzon SOS” lelopean.
Mobilizazio horietan eginiko irakurketan «etxeko lanen zati handi bat eginda» dagoela onartu bazuten ere, «pentsatu beharko dugu nola heldu espetxeen auziko azken fasea izan behar duenari eta, horrekin batera, gure herrian jasandako indarkeriaren biktima guztientzat tratamendu duina eta begirunezkoa ekarriko duen akordio bat lortzeko beharra» dagoela adierazi zuten Sarek eta Etxeratek.
«Azken denboran aurrerapenen lekuko izan gara», onartu zuten. Aurrerapenak pentsatzen zutena baino mantsoago gertatu direla deitoratu zuten, baina, era berean, azken hiru urteetan izan den «bultzada handia» nabarmendu zuten.
«Ezin dugu bakeaz, adiskidetzaz eta elkarbizitzaz hitz egin legea eta espetxe erregelamenduak aplikatuz gero aske egon beharko lukeen preso bakar bat ere kartzelan uzten bada», adierazi zuten. Testuinguru horren aurrean, Sareren eta Etxeraten egitekoa «jendartea aktibatzea» dela esan zuten.
«Gaur egun, preso asko, hirugarren graduan edo 100.2 artikuluaren bitartez, espetxetik goiz-goizean atera eta gauean itzultzen dira, boluntario lana edo lan ordaindua egin ondoren; badira ere baldintzapean aske daudenak edo erdi-askatasunaren araubidean», azaldu zuten.
«PUZZLEA OSATU ARTE»
Presoen auziari «konponbidea emateko falta dena» ikusarazteko, “Puzzlea osatu arte”, maiatzaren erdialderako iragarri duten ekimen hori, oraindik ere salbuespen egoeran dauden presoak dituzten herrietatik igaroko da. Datozen asteotan emango dituzte ekimenari buruzko xehetasun gehiago.
«Badakigu zein den aurrera egiteko bidea: orain arte bezala, ekitea, ekitea eta ekitea», adierazi zuten irmoki. «Jarrai dezagun euskal preso, iheslari eta deportatu guztien behin betiko etxeratzearen aldeko lanean. Gertuago gaude, lortuko dugu!», gaineratu zuten.

IRUÑA-VELEIA AUZIA «BEHIN BETIKO» ARGITZEAREN ALDE

Tinkotasunari hitz samurrak jartzen zizkion «Egin»-eko kontseilukidea

LOS QUE TANTO TE CRITICARON TE APLAUDEN AHORA

Muga-zergak: galdera ez da zergatik, baizik eta zertarako
