GARA
PASAIA

Pasaiako Portuko lehendakari berriarekin bildu da Jauregi

Mikel Jauregi Lakuako Gobernuko Industria sailburuak bilera labur bat izan zuen atzo Pasaiako Portu Agintaritzaren egoitzan Izaskun Goñi presidente berriarekin eta Joakin Telleria presidente ohiarekin. Azken horrek 2021etik izan du kargua erretiroa hartu duen arte eta sailburuak eskerrak eman zizkion azken urteotan egindako lanagatik.

Izaskun Goñi Razquin (Iruñea, 1972) Pasaiako Portuko lehen emakumezko presidentea izango da. Nafarroako Unibertsitatean Ekonomian lizentziaduna da eta ibilbide profesional luzea du, bai esparru publikoan, bai pribatuan.

Gainera, joan den urriaz geroztik, NHOD Industries Frantziako start-up delakoaren presidente ez exekutibo kargua betetzen zuen, eta iaz SRT Automotive enpresarekin bat egin zuen aholkulari gisa.

Azken zortzi urteetan Akitania-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko Batzorde Betearazlean ere parte hartu du, lankidetza logistikoko mugaz gaindiko proiektuetan lan eginez eta Europako funtsak bereganatuz.

Goñik bere gain hartu du etapa hau, «Gipuzkoako ekonomiarentzat funtsezkoa den enklabe baten hurrengo erronkei aurre egiteko, nazioarteko merkataritzan nodo estrategiko gisa eta euskal industriaren lehiakortasunerako funtsezko azpiegitura gisa jarduten baitu», esan du Lakuako Gobernuak.