Meaberen «Amorante frantsesa», poemaz poema eraikitako nobela
Poesiaren eta narratibaren arkitekturekin jolastuz, Miren Agur Meabek generoen mugetan arakatu eta sortu du ‘‘Amorante frantsesa’’ (Susa). Poemen bidez kontatutako eleberria da. Agurtzane du protagonista, nerabe baten hilketa bortitza ikertzera abiatuko den institutuko atezain bakartia. Dorothy Porter eta Diane Wakoski inspirazio iturri harturik, «euskaraz landu gabeko eremu literario bat esploratzea» izan du helburu.

Ohiko kodeetatik aldendu eta zerbait ezberdina, berritzailea agian, egiteko gorputzalditik ekin zion Miren Agur Meabek ‘‘Amorante frantsesa’’ (Susa) bilakatu den proiektuari. Asmoa, idazle lekeitiarraren hitzetan, «euskaraz landu gabeko eremu literario bat esploratzea» izan da, irakurketa erritmoak hautsiko zituen proposamen berria eskaintzea eta baita «misterioa, gogoeta eta sentsorialtasuna» batuko zituen idazki bat osatzea ere. Aurrejuzgurik gabe irakurtzera ausartzen diren horiei eskainia.
Arkitekturaren interesetik, beraz, abiatutako proiektua da ‘‘Amorante frantsesa’’. Eleberri bat da, bai, baina ezohiko eleberria: olerkiz olerki osatutako kontakizuna topatuko du irakurleak orrialdeetan, 147 poema orotara, zazpi ataletan eta epilogo batean atonduta.
«Nobela bat da poema sorta batez osatua», laburbildu zuen Meabek berak liburuaren aurkezpenean. Kontakizunak hala eskatuta, poema gehienak narratibo-deskriptiboak direla azaldu zuen autoreak, finean irakurlearen aurrean istorio bat jartzea baita helburua, eta komediaren eta dramaren alorreko aleak topa daitezkeela zehaztu zuen. Poemaz poema, kontakizunaren segida aurkezten du Meabek eta, olerki bakoitzak kapitulu baten funtzioa betetzen badu ere, zenbaitetan eszena edo gertaera bat osatzeko pieza bat baino gehiago behar izan dituela esan zuen.
Elipsiek jokatzen duten papera ere nabarmendu zuen: «Elipsiak dira, paradoxikoki, narrazioari eusten dioten aldamio nagusiak», adierazi zuen, eta poemek «forman duten lotura edo paralelismo horiek ere» kontakizunean barneratzen laguntzen dutela esan zuen.
Agurtzane erdigunean duen istorioa ezagutuko du irakurleak poemaz poema. Bilboko DBHko institutu bateko atezaina da Agurtzane, bizilekua basoan, familiarena den lursail batean duen 60 urteko emakumea. Egun batean, institutuko ikasle bat hilik agertuko da, biolentzia eta sexu abusu zantzuak dituela, eta Agurtzane «asmorik gabe hasiko da gertaerak ikertzen». Protagonistaz, «nortasun gogorreko» emakumea dela esan zuen Meabek, «ez dena gustura sentitzen adeitasunarekin baina adeitsua dena, lotsagabea agertzen den arren bihotz onekoa», eta irakurleak bere «kontraesanak hasieratik» antzemango dituela aurreratu zuen. Pertsonaiak bakardadearen gaineko ikuspegia ematen duela gaineratu du, «60 urterekin zergatik ematen dion balioa bizi den tokian eta bizi den bezala bizitzeari», eta zehaztu zuen pertsonaiaren unibertso laukoitz horretan -etxea, basoa, institutua eta hiria dira bere lau bizi espazioak- topatzen dituen gainerako pertsonaiek ontzen dutela eleberria: gaixotasun mentala duen Amaia ahizpa, Maurizia kaleko txakurra, Eva eta Roberto institutuko ikasleen gurasoak, ikasleak, «auzotar problematiko bat» eta Victor, plataforma batean ezagutuko duen frantsesa. «Honek ematen dio izenburua. Sekundario samarra da, baina inflexioa markatuko du Agurtzaneren bizitzan», aurreratu zuen.
Erreferentziez edo «literatur itzalez» ere jardun zuen idazle lekeitiarrak. Dorothy Porter idazle australiarraren ‘‘The Monkey’s Mask’’, batetik -«berak eman zidan oinarria»-, eta batez ere Diane Wakoski poeta kaliforniarra, «zeharlerro estetiko eta emozional sotila, baina guztiz funtsezkoa kontaeran». Hainbeste non atal guztiak zabaltzen diren bere aipu batekin. «Nik haren poesiarekin konektatzen nuen bezala konektatzen du Agurtzanek, nire bizitzarekiko intertestualitate bat sumatzen nuen bezala, Agurtzanek ere hari batzuk topatuko ditu Wakoskiren poesian, esanguratsuak ikerketan aurrera egiteko», azaldu zuen.
Eta, azkenik, autore bezala idazketa prozesuak eman dionaz mintzatu zen. Batetik, «ezagutza zahar bat» berretsi duela aipatu zuen: «Formatua dena delakoa izanik ere, edukiak eta formak plano berean egon behar dute». Eta, bestetik, ondorio berri bat atera du: «Poesia pantomima ondradu bat izan daiteke, orain arte beste helburu batekin idatzi izan dudalako nik poesia, ez hainbeste narratzeko edo dibertitzeko edo entretenitzeko, baizik eta introspekzioa egiteko».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
