Peli LEKUONA
BESKOITZE

Robles-Arangiz familiaren etxea «memoria leku» bihurtuko dute

ELA sindikatuko sortzailearen ondorengoek 1937tik Beskoitzen izan duten Leku Eder familia-etxea Manu Robles-Arangiz Fundazioari dohaintzan ematea erabaki dute. NAIZ Irratian azaldu dute memoria leku bilakatuko dela, familiaren «izpiritua» ipartzat hartuta.

Robles-Arangiz anaiak eta Xebax Christy, Leku Eder etxean.
Robles-Arangiz anaiak eta Xebax Christy, Leku Eder etxean. (P. L.)

Manu Robles-Arangiz fundazioak etxe bat jaso du dohaintzan, eta formakuntzari eta borroka sozialei bideraturiko toki bihurtuko da. Ez da edonolako etxea, Leku Eder izena du, Beskoitzen dago, eta elkartasunean sustraitutako historia duen familia baten etxea izan da: Robles-Arangiz familiarena, hain zuzen.

NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan ziren atzo Manu Robles-Arangizek eta Luisa Bernaolak izan zituzten hamaika seme-alabetako hiru, Irkus, Iker eta Alatz, eta Beskoitzeko etxearen eta familia beraren nondik norakoak mintzagai izan zituzten.

BABESLEKU

1937an, gerra garaian, ELA sindikatuko sortzaileak erosi zuen, eta Bilboko bonbardaketak hasi zirenean familiak bertan izan zuen babesleku. Izan ere, aurretik, Errepublika garaian, Robles-Arangizek Estatutuaren negoziazioetan parte hartu zuen, espainiar Errepublikako Gorteetako diputatu gisa.

Horren harira «gauza gutxi» aipatzen zituela onartu zuen Irkus Robles Arangizek: «Etxean gertatzen zirenak ezin genituen etxetik kanpo esan, salatariak baitzeuden».

Bigarren Mundu Gerran ere babestokia izan zen hainbat pertsonarentzat. «Alemanen garaian 200 lagun inguru igaro ziren familia-etxetik. Bordako labe azpian ezkutatzen genituen», gogoratu zuen Iker Robles-Arangizek, naziek ezarritako arauak hausteko egiten zituzten trikimailuak aipatuz.

Hego Euskal Herrira itzuli ziren 1952an, baina gaztelania ez jakitea «oztopo» zela aitortu zuen. Dena den, pezeta baten truke egunero zinemara joaten zirela kontatu zuen Alatz Robles-Arangizek, eta horri esker ikasi zuten hizkuntza. Bilbon, erdara ez ezik, ogibide ezberdinak ere ikasi zituzten.

1953an Manu Robles-Arangiz atxilotu eta 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Baina urtebete bakarrik egon zen: «Ameriketako sindikatuek eta Vatikanoak egindako presioarengatik libre utzi zuten», gogoratu zuen Ikerrek.

ETAren hastapenetan, sortzailetako batzuekin zuten harremanaren ondorioz, Ugutz eta Alatz Robles-Arangiz Ipar Euskal Herrira itzuli ziren. Bidaiaren berri eman zuen Alatzek: «Donostiara ihes egin genuen igande goizean, eta gaueko 21.00etan muga pasatu nuen, pasaportea nuelako; Ugutz Donostian geratu zen lagun baten etxean». Hilabete batez hondartzan lo egin zutela azaldu zuen.

Ahizpek Ainarak taldea sortu zuten; nebek, Soroan laukotea. Beraz, abeslari «fin-finak» ziren familian. «Garaiko klasiko batzuk euskaraz» kantatzen zituztela nabarmendu zuten, eta askok hortaz ez zirela jabetu ere adierazi zuten. 1959an Madrilgo Hotel Wellington-en abestu zuten Los Panchos taldearekin: «Erregeak ginen, jendea zoratzen zen gu entzutean».

MEMORIA ETA FORMAKUNTZARAKO LEKU

Xebax Christy, Manu Robles-Arangiz fundazioko Iparraldeko arduraduna ere egon zen NAIZ Irratiko mikrofonoetan. Fundazioak dohaintzan jaso duen Leku Eder etxea, Robles-Arangiz familiaren oroimen leku izateaz gain, militanteen formakuntzari eta borroka sozialei bideraturiko toki bihurtuko dela nabarmendu zuen.