Martxelo DIAZ
BERRIOZAR
GAZTE MUGIMENDUA

Kriminalizazioari erantzuteko manifestazioa antolatu du Ernaik

Auzitegi Nazional espainolak gertutik begiratzen dio Ernaik presoen alde antolatutako ekitaldi eta hitzaldiari. Hori dela eta, manifestazio nazionalera deitu dute gazteek, Berriozarren, hilaren 17an, kriminalizazioa salatzeko. Oinarrizko eskubide baten aurka egitea «eskandalutzat» eta «onartezintzat» jo zuten Ernaiko kideek atzo egin zuten agerraldian.

Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna, kazetariekin hitz egiten, atzo, Berriozarren.
Amaiur Egurrola Ernaiko eleduna, kazetariekin hitz egiten, atzo, Berriozarren. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Adierazpen askatasunaren eta presoen eskubideen aldarrikapenaren kontrako kriminalizazioa salatzeko, manifestazio nazionalera deitu du Ernaik hilaren 17an, 18.00etan Berriozarko Nafarroako Emaileen plazatik abiatuta. NAIZ Irratian aurreratu zuten atzo berria Ernaiko kideek, Gazte Topagunea hartuko duen herrian agerraldia egin aurretik.

Ernaiko eledun Amaiur Egurrolak Eguzki plazan egindako agerraldian gogorarazi zuenez, Berriozarren “Gazteon eskutik independentziara” lelopean Gazte Topagunea egingo dute hilaren 17tik 19ra. Lehen egun horretarako, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna ospatzen delarik, hitzaldi bat eta ekitaldi politikoa antolatuta zituzten, Euskal Herriko, Irlandako eta Kurdistango preso ohien parte hartzearekin.

Ekimen horrekin, errealitate horiek ezagutarazteaz gain, presoen auziak gatazken konponbidean duen garrantzia azaldu nahi zuten. Hori oinarrizko eskubidea dela azpimarratu zuen Egurrolak.

ESKUINAREN ERASOA

Ekitaldia iragarri eta berehala eskuin politiko eta mediatikoak Ernairen kontrako erasoa abiatu zuen. Hasiera batean, sare sozialetatik ekitaldia kriminalizatzen hasi ziren. Gero, Nafarroako Parlamentuan eta Berriozarko Udalean ekitaldiaren kontrako mozioak aurkeztu zituzten. Eta, azkenik, salaketa aurkeztu zuten Auzitegi Nazional espainolean. UPN izan zen, zehazki, ekitaldia epaitegi berezian salatu zuena.

Salaketa horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak agindua bidali zion Berriozarko Udalari ekitaldiaren espedientea eskatuz. Horrekin batera, ekitaldia zelatatzeko agindu zien Polizia espainolari eta Guardia Zibilari, eta agindu hori betetzeko gogoa dagoela egiaztatu zuten atzo, Guardia Zibila egon zelako Ernairen agerraldia kontrolatzen.

Gazteei sostengua emateko, berriz, Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria hurbildu zen Eguzki plazara.

«Eskandalutzat» eta «onartezintzat» jo zuen Egurrolak gertatutakoa. «Berriozar guardia zibilez eta Espainiako polizia nazionalez bete nahi dute. Gazteok isilarazi nahi gaituzte eta Auzitegi Nazionalean salaketa sartu eta epaiketara eraman nahi gaituzte. Erabat zilegi den aldarrikapena eta Ernai kriminalizatzen saiatu dira», salatu zuen.

«Ez dugu antolakuntzaren eta Ernaiko hainbat kideren segurtasuna bermatuta ikusten ekitaldia aurrera eramateko», gaineratu eta kriminalizazio saiakera honekin Ernaik ezkerreko independentismoaren eta presoak etxeratzearen alde egiten duen lana oztopatu nahi dutela azpimarratu zuen.

«EZ GAITUZUE ISILDUKO»

«Argi entzun ezazue: ez duzue lortuko, ez duzue euskal gazteriaren ahotsa isilaraztea lortuko. Eta ez duzue lortuko Topagunearen indarra ezabatzea. Erasoen aurrean aurrerapausoa emango dugu», aldarrikatu zuen Egurrolak.

Halaber NAIZ Irratian argi utzi zuen gazte independentistak gogotsu direla lanean Topagunea aurrera eramateko. Antolatutako ekitaldien artean ostiralean izango den hitzaldia azpimarratu zuen, “Jauzi bat independentziara” izenburua duena. Iñaki Soto GARAko zuzendariak elkarrizketatuko ditu Amaiur Egurrola eta Markel Rio, «testuinguruaren, Ernairen egoeraren eta aurrera begira ditugun erronken» inguruan.