Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETA

Oier Ariznabarreta, Beran berriro errege

Oier Ariznabarreta, Berako helmugan.
Oier Ariznabarreta, Berako helmugan. (Ane MOLINERO)

Euskal Herriko mendi lasterketek bi hitzordu interesgarri izan dituzte atzean utzi dugun asteburuan: Berako mendi maratoi erdia eta Arrasate-Udalatx.

Nolabait esateko, bi hitzordu horietan eguraldia protagonista bihurtu zen. Igande bezperan eta goizaldean botatako euriak ibilbideak lokaztu zituen; hotz pixka bat ere egin zuen, eta mendi gailurrak lainotuta zeuden. Hala ere, baldintza horiek ez zuten eragozpen ‘handirik’ ezarri, eta lehia estuak eta ikusgarriak ikusteko parada egon zen.

Berako maratoi erdiak 19 ekitaldi bete ditu eta, ohi den bezala, makina bat korrikalari jasotzeaz gain, izen handia duten espezialista batzuk helmuga puntura bertaratu ziren. 513 kirolarik parte hartu zuten, eta horietatik 502 iritsi ziren helmugara. Lasterketa hori oso berezia da, zehazki esanda, lasterkari batentzat: Oier Ariznabarretarentzat. Azken urteotan ez dugu mendi lasterketetan maiz ikusten, baina Berakoa kutuna du eta ez du hutsik egiten.

Bitxia izan ala ez, kontua da durangarrak jokatu diren edizioen erdiak irabazi dituela: bederatzi hitzordu. Eta azken honetan ere erakutsi zuen oraindik sasoiko dagoela. Lasterketaren buru izan zen une oro, eta helmugara alde handiarekin heldu zen: 1:45:08 denbora. Ibilbidearen baldintzengatik Ariznabarretak ezin izan zuen berak ezarritako marka (1:37:30) hobetu. Unai Zialtzetari bi minutu eta 12 segundo atera zizkion. Podiumaren hirugarren kutxara Joseba Erro igo zen (1:47:35).

Nesken kategorian lehia ederra bizi izan zen Ainara Urrutia eta Maddalen Jimenezen artean. Urrutiak iazko garaipena berretsi zuen (2:07:59). Iazko irabazle Maddalen Jimenez bigarrena izan zen, irabazlearengandik ia minutu batera. Eta Ainhoa Intxausti izan zen hirugarrena (2:10:55).

KORTAZAR-LARREA

Arrasate-Udalatxen, nesken mailan, lasterketa ikusgarria izan zen Oihana Kortazarren eta Onditz Iturberen artean. Elgetarra tropelaren buru jarri eta Udalatxeko tontorrean lehena zen, baina gailur horretatik Txukurrilorako jaitsiera elkarrekin egin zuten. Kortazarrek azken kilometroan erritmoa bizkortu eta helmuga puntuan lehena izan zen (2:12:41). Bigarren txapela du bertan. Iturbe hemezortzi segundora iritsi zen.

Gizonezkoetan, talde ederra elkartu zen lehen kilometroetan: Ibai Larrea, Aritz Egea, Dani Izquierdo eta Dimas Pereira. Meatzerrekara iritsi bezain laster, iaz bezala, Larreak beste martxa bat sartu zuen. Egea, ordea, oso adi egon zen eta Udalatxeko gailurra lehen postuan igaro zuen. Beterano honek bazekien Larrea jaitsieran azkarragoa dela. Gazteak Egea aurreratu zuen eta, Kortazarrek bezala, bere bigarren txapela irabazi du Arrasaten (1:47:02).