Iparra galdu gabe
Hezkuntzaren garrantzia ez da ezbaian jartzen. Etxea, eskola, kalea, kirola, ingurua... guztiak katramilatuta. Bizitza honetarako baliagarriak diren eduki eta gaitasun ugari jasotzeko eremua da, besteekin batera, eskolakoa. Talde nortasuna eta norberarena besteen ondoan moldatu, indartu eta garatzen ikasteko lekua ere bada, haztekoa, heztekoa, jolastekoa eta ikastekoa; betiko iltzatuko diren esperientzia eta bizipen asko sortzen diren tokia ere bai. Baina diskurtsoak, segun eta zein diren egoera eta testuingurua, lausotzen dira, tamalez, eta estimatzen ditugun balore eta balioak zalantzan jartzen ditugu; hezkuntza arloko profesionalek egindako grebak kontraesanak sortu eta azaleratu ditu hala.
Irakasleen grebak soilik arrazoi ekonomikoei erantzuten diela esan dute Lakuatik, eskakizun horri zilegitasuna kendu nahian edo, eta horrek zuzenean konektatu du eskolaren funtzioa beste modu batean ulertzen duten edota hezkuntza arloko greba dela-eta ezintasunak jota dauden guraso askorekin. Agian, horixe zen helburua, eztabaidaren iparra hor kokatzea, gainerako eskakizunak estalita. Aste Santuko oporraldiaren ostean berriz ere greban jarraituko dutela iragarri dute, negoziazioek ez dutelako aurrera egin, eta entzun ditut handik eta hemendik ardurak eta, tartean, kexuren bat ere bai. Haur txikiagoak dituztenak zein modutan konpondu daitezkeen galdezka, egun horietan arrazoi batengatik edo bestearengatik ikastetxeetara eraman nahi ez dituztelako, eta helduagoak dituztenak, berriz, jaso beharko lituzketen eta egun horietan jasoko ez dituzten edukiak nola eta non hartuko dituzten arduratuta.
Iparra galdu gabe, gurasook ere fokua jarri, ardurak zehaztu eta hezkuntzak eta eskolak zer izatea nahi dugun pentsatu beharko genuke. Besteak beste, hausnartu ia nahi dugun lerro zuzenean kabitzen diren ikasleentzat pentsatutako eremuak izatea, hortik ateratzen direnei behar bezala erantzuteko baliabiderik ez dagoelako. Ardurak ardura, aitzakia ederra dugu orain.

Una piedra tallada hace 10.000 años, rival de la Mano de Irulegi

«Egun ia ezinezkoa da musika gaizki jartzea, ekipoak egiten du dena»

La juventud independentista se echa a la calle tras la prohibición de la AN

«¡Somos Ernai y no pararemos hasta llevar este pueblo hasta la libertad!»
