GARA
GAZA

Israelek guztiz armagabetzea exijitu dio Hamasi

Janari banaketa, Nuseiraten.
Janari banaketa, Nuseiraten. (Moiz SALHI | Zuma Press-EUROPA PRESS)

Hamasek datozen orduetan erantzungo dio Israelen aldetik jaso duen su eten akordio bat adosteko proposamenari, baina hasierako iritziak ezkorrak izan dira, erresistentzia palestinarraren «marra gorria» gainditzen duelako. Sami Abu Zuhri Hamasek atzerrian duen buru politikoak proposamena errefusatu egin du, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak «amore emateko akordioa» eskatzen duela argudiatuta.

«Erresistentzia armagabetzeko eskakizuna ez da eztabaidagarria, eta ez da beteko. Onartezina da. Hau ez da marra gorri bat bakarrik, milioi bat marra gorri baizik (...)», adierazi zuen. «Okupazioa dagoen bitartean, erresistentziak aurrera jarraituko du, eta armak erresistentziaren esku geratuko dira, gure herria eta gure eskubideak defendatzeko», ziurtatu zuen .

Abu Zuhrik azaldu zuen testu berriak ez duela jasotzen gerra erabat eteteko Israelgo agintarien konpromisoa, eta preso israeldarrak jasotzea besterik ez du nahi.

Hala ere, talde palestinarra «gure herriaren sufrimendua arinduko duten eskaintza guztien aurrean irekita» dagoela ziurtatu zuen, eta preso guztiak entregatzeko prest dagoela berretsi zuen, «su etenaren eta Gazako Zerrendatik erretiratzearen truke».

Hamasen arabera, «etorkizuneko edozein akordiok su eten iraunkorra, Gazako Zerrendako okupazio indarren erabateko erretiratzea, presoak trukatzeko benetako akordioa, okupazioak suntsitu duena berreraikitzeko prozesu serio baten hasiera eta herri palestinarrak pairatzen duen setio bidegabea altxatzea» lortu behar du.

Israelen proposamenaren arabera, akordioaren lehenengo astean preso palestinarren erdiak askatuko lituzke, 45 eguneko su etenaz gain, elikagaiak eta laguntza sartzea onartuko luke berriro. Joan den martxoaren 18tik Israelek ez du inolako laguntzarik sartzea baimendu.

Hondamendian, palestinarrek sufrimenduaren edozein arintze mota behar dute, baina ez dira Israelez fio, akordioak behin eta berriro apurtu baititu.