GARA
ZESTA PUNTA

Jai Alai League-ko txapeldunak Carmelo Baldan erabakiko dira 2027ra bitarte

Akordioa 2027 arte luzatu da, irailetik hasita. ‘Jai Alai League’-ko torneo ezberdinetako emaitzekin osatu den rankingaren arabera, Carmelo Baldan jokatuko dute Lauko Finala: lau aurrelari eta lau atzelari onenak, gizonen eta emakumeen mailan.

Jai Alai League-ko finalak Donostiako Carmelo Baldan jokatuko dira.
Jai Alai League-ko finalak Donostiako Carmelo Baldan jokatuko dira. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irailetik aurrera Donostiako Carmelo Balda pilotalekua ‘Jai Alai League’-ko epizentro bihurtuko da. Zesta-puntako Liga profesionalak Iparraldeko, Hegoaldeko, Biarnoko eta Floridako hiriak zapaldu ditu (Bilbo, Donibane Lohizune, Gasteiz, Biarritz, Dania-Florida, Paue, Gernika...) eta Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan izango du amaiera. Donostia Kirola eta Eraman! enpresaren arteko akordioa hurrengo hiru urteetarako da (2025, 2026 eta 2027). Modu honetan, Donostia zesta-punta profesionaleko erreferentzia nagusia izango da, hala gizonen kategorian nola emakumeetan.

Iragan urrian hasi zen ‘Jai Alai League’ delakoa, Gernikako ‘Eusko Label Winter Serie’-ak jokatuz. Horren ostean jokatu dira Biarrizko ‘Urrezko Xistera’, Bilboko ‘Iron Cup’-a, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak edo Floridako ‘Biscayne Cup’ delakoa. Gasteiz ere Jai Alai Leagueko egoitza ofiziala da eta baita Mutriku eta Zumaia, Durango, Markina-Xemein, Lekeitio eta Biarnoko Paue hiria ere.

Txapelketa hauetan guztietan batutako puntuekin Jai Alai Leagueko azken sailkapena osatuko da eta rankingeko pilotari onenek urteko titulu garrantzitsuena jokatuko dute Donostian.

Zehazki, rankingeko lau aurrelari eta lau atzelari onenek jokatuko dute Lauko Finalaren azken fasea Carmelo Balda frontoian.

Azken fasean bi finalerdi eta final handia jokatuko dira, eta bertan erabakiko da denboraldiko bikote txapelduna. Une honetan, Barandika eta Lopez dira Ligako txapeldunak gizonetan. Emakumeetan, aurtengoa da Jai Alai Leagueren lehenengo urtea, denboraldi berezia. Beraz, Donostiatik aterako dira historiako lehenbiziko emakume txapeldunak.

HISTORIA ETA KOKAPENA

Lehen Jai Alai pilotalekua Ategorrietan eraiki zuten 1887an, zesta-punta modalitate bezala sortu zen urte inguruan. Antzoki itxurako frontoia zen, eta ondoren mundu osoan zabaldu ziren Jai Alai guztien aitzindari bezala ezagutzen da. 1926an Urumea frontoiak hartu zuen Jai Alairen lekukoa eta azkenik, 1974an, Carmelo Balda egungo pilotalekua inauguratu zuten. Luis Jesus Arizmendi Amiel arkitektoak diseinatutako eraikin brutalista ederra da.