«Osakidetzarekin haserrea eta kezka daude gizartean»
Iazko urtearekin lotutako txostena plazaratu du Manu Lezertua Arartekoak. Osakidetzarekin arazoak dituzten herritarren kexak asko hazi direla nabarmendu du: «Osasunerako eskubidea dagoela gogoratzen diogu Osasun Sailari».

Manu Lezertua (Bilbo, 1957) Arartekoak egindako txostenean 2024an Osakidetzarekin lotutako kexak %70 hazi zirela ondorioztatu du. 2.905 espediente landu zituzten, eta aurreko urtean 441 izan ziren. NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketa batean txostenak agertu dituen ondoezen inguruan mintzatu da. Era berean, Arartekoa erakunde bezala erreformatzeko beharra mahai gainean ezarri du.
Urtebetean %70 hazi dira Osakidetzari lotutako kexak, batez ere Lehen Arretako itxaronaldiei lotuta. Zein da egin duzun balorazioa?
Igoera oso nabaria izan da. Erakusten du Osakidetzarekin haserrea eta kezka daudela gizartean. Bestalde, osasuna da pertsona bakoitzak gehien sufritzen duena. Mina baduzu, zuretzat kezka handiena izango da. Bakoitzak bere osasuna defendatzeko tresna guztiak erabiltzen ditu. Arartekoari helarazten dizkiote atzerapenak, tratamendu ezak...
Itxaron zerrendak kezka nagusietako bat dira. Alabaina, arlo guztiei eragiten die, edota badira espezialista jakin batzuk gehiago?
Kexen %25 diagnostikoaren eta lehen arretaren atzerapenak izan dira, bereziki arlo batzuetan: traumatologia eta oftalmologia izan dira atzerapen handienak dituztenak. Guregana datozenak kasu larrienak izaten dira.
Kexa hauek jasota, zein dira Arartekoak egiten dituen gomendioak?
Osasunerako eskubidea dagoela gogoratzen diegu Osakidetzari eta Osasun Sailari, hau derrigorrez bete beharrekoa dela esanez. Arazoak agertzen dizkiogu, eta kopuru egoki batean lortzen dugu arazoak konpontzea, arazo partikularrak. Arartekoa sartzen denean lortzen dugu itxaron zerrendak gutxitzea, botikak ordaintzea edo tratamendua jasotzea. Pertsona batek Arartekoarengana jotzeko, administrazioarengana jo behar du lehenik. Gu gara azken baliabidea. Adibidez, Osakidetzan badago arreta zerbitzua eta horra joaten da jende asko, baina gustura ez daudenean guregana jotzen dute. Gurekin egon ondoren jotzen dute batzuek epaitegietara.
Txostena argitaratu osteko balorazioan, Osasunaren Aldeko Euskal Itunean jarri zenuen azpimarra. Baikor zara itun horrek ekar dezakeenarekiko?
Gobernu berria sartu zenean, berehala eskatu nuen bilera bat sailburu berriarekin, Alberto Martinezekin. Bilera izan genuen bere taldearekin, aztertzeko guk ditugun arazoak. Hiru orduko bilera izan zen, eta borondate handia ikusi genuen elkarrizketaren bitartez konpontzeko. Lehenik arazoa onartu behar da, eta eztabaida horretatik zerbait ona aterako dela uste dut.
Osakidetza ez da kexa gehien jaso dituen arloa: 523 kexekin gizarte inklusioko arloa izan baita herritarren kezka nagusia; Lanbidek kudeatzen dituen prestazio ekonomikoekin lotura du, antza.
Gizarteratze arloan kexa asko izan dira betidanik, kasu askotan Lanbideren prestazioekin lotutakoak. Azken urtean %110eko gorakada izan da, baina osasun arloan ere asko igo dira kexak. Maila berean kokatu dira. Mota askotako kexak dira. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea konplexua da, eta baldintza zein kontrol asko daude. Gainera, horrela izan behar du, diru publikoa delako. Mota askotako kexak dira, legea aldatu zen baldintzak zorroztuz, eta horrek kexa asko sortu ditu.
Tokiko eta lurraldeetako administrazio publikoen zerbitzuen funtzionamenduak 266 kexa jaso ditu. Lakuatik hasita, kexen erdiak gutxi gorabehera honen jardunarekin dute zerikusia. Ba al dago errepikatzen den edo ohikoa den gabeziaren bat?
Tokiko administrazioek eskumen asko dituzte, herritarren aurrean daude eta mota askotako kexak dira: hirigintza, ingurumena... Erantzun falta da errepikatzen den kontua. Edozein gauza eskatu edo begiratzeko ez dute erantzunik jasotzen, eta guregana jotzen dute.
Pradalesen Gobernu berrian sailen aldaketak egon dira. Arazoak ekarri ditu horrek?
Guk ez dugu ondorio hori atera. Joan den urtean kexak igo egin dira, baina Pradales Gobernura iritsi aurretik bazegoen gorakada hori.
Arartekoa erreformatzeko beharra nabarmendu duzu.
Euskal gizartea munduarekin batera aldatu eta eguneratu egin da. Nazioarteko mailako arau aldaketak egon dira, eta gure arauak ez datoz bat askotan. Veneziako Printzipioak mundu osoan garrantzitsuak dira, eta eguneratzea behar dugu. Gure ingurukoek egin dute, eta euskal gizarteak ere Ararteko egokiago bat behar du, independenteagoa.

¿Qué es lo que defiende Aritz Otxandiano sobre las renovables?

Gogora quiere meter a ETA también en el Memorial 3 de Marzo de Gasteiz

Urkullu crea un lobby con Petronor, Iberdrola, Kutxabank y el BBVA

Fallece la expresa Gloria Rekarte Gutiérrez, colaboradora de GARA durante dos décadas
