JAN. 20 2014 Euskal dokumental bat Kanarietako mendi sakratuarentzat Berbereek Afrikatik Kanaria uharteetara egindako bidaia ez dago historia liburuetan idatzita, milaka urte dituzten harrietan baizik: Fuerteventurako Tindaya mendian ehunka aztarna utzi zituzten. Chillida berak ere Tindaya mendiaren magia ikusi eta artelan bat egin nahi izan zuen bertan. Kanarietako Gobernua, berriz, trakita mineralaren atzetik dabil. Nagore BELASTEGI Kepa Aranburu oñatiarrak prentsaren bidez izan zuen Tindaya mendiaren berri. Mendi sakratua batzuentzat, diru iturri besteentzat, gehiengoarentzat Eduardo Chillida eskultoreak bertan zuen proiektuari esker da ezaguna Fuerteventurako Tindaya mendia. Eskultore ezagunaren ametsa mendi bat barrutik hustea zen, bisitariek naturaren handitasuna barrenetik ikus zezaten. Fuerteventurara egindako bidaia batean erabaki zuen bere artelana Tindayan kokatu behar zuela. Ideia hori oinarri, Aranburu informazioa bilatzen hasi zen: «Atzean istorio bat zegoela ikusi nuen, antropologia, migrazioak, artea, historia, politika eta ekonomia uztartzen zituen istorioa». Dokumental bat egiteko ideia otu zitzaion orduan, «Tindaya montaña sagrada» izena izango duena. Helburua ondare kulturala babestea eta ikerketa aldarrikatzea da, baita zenbait erakunde publikoren ustelkeria salatzea ere. Egitasmoa aurrera eraman ahal izateko, Verkami webgunearen bidez crowdfunding edo finantzaketa kolektiboko kanpaina bat jarri zuen martxan Aranburuk. Kanpaina urtarrilaren 29an amaitzen da eta jada behar dituzten 5.500 euroetatik 4.500 inguru lortu dituzte. Momentuz teaser trailer bat egin dute taldea Fuerteventuran izan den bi aldietan grabatutako irudiekin. «Bidaia horietan jende asko ezagutu dut, tartean Fuerteventurako Kabildoko ingurumen langile eta arduradunak, kazetariak, ekologistak eta historialariak», azaldu digu zinemagileak. Horiei esker gertutik ezagutu ahal izan du Tindaya mendiaren iragana. Kanaria uharteak zapaldu zituzten lehen biztanleak Afrikatik iritsitako berbere tribuak izan ziren. Horietatik batek, mojo herriak, Tindaya bere etxe egin zuen; are gehiago, mendi sakratu bihurtu zuen, eta, horren erakusle, ehunka aztarna utzi zituen bertan. «Podomorfo izeneko oin itxurako grabatuak egiten zituzten gurtzen zituzten lekuetan majoek. Tindayan 200 podomorfotik gora aurkitu dira; horietatik %80, gainera, Teide sumendira begira daude», azaldu du Aranburuk. Mendiaren magalean bi herrixka ere badaude, oraindik aztertu ez direnak eta grabatuak noizkoak diren zehazteko oso garrantzitsuak direnak. Podomorfo guztiak trakita mineralean daude eginak, gainontzeko mineralak ekidinez. Trakita mendiaren barruan sortu eta erosioarekin azaleratzen da. Material hori oso baliotsua da gaur egungo eraikuntzan eta horregatik sortu da polemika Kanarietan. Majoak desagertu egin ziren, baina euren grabatuak gordetzen dituzten harri zatiak hor daude. Horiei esker, grabatuei eta trakita berari esker, Tindayak babes juridiko handia du, baina ez da nahikoa, antza, interes ekonomikoak gainditzeko. Izan ere, Kanarietako Gobernuak trakita ustiatzeko baimena eman zien bi enpresari eta hauek harrobiak eraiki zituzten bertan pixkanaka triangelu forma duen mendiari barrenak kentzeko. Tartean, Chillidak bere proiektua martxan jartzea proposatu zuen, eta, Kanarietako Gobernuak 1993an bere egitasmoa burutzeko baimena eman zionean, harrobietan lanean ari ziren enpresei harrobiak ustiatzeko eskubidea kendu behar izan zien, kalte-ordainak emanez, noski. «Guztira diru publikoko 25 milioi euro gastatu ditu Kanarietako Gobernuak Chillidaren proiektua bultzatzeko azken hogei urteotan, baina proiektua oraindik ez da hasi ere egin», nabarmendu du Aranburuk. Chillidaren nahia mendia barrutik zulatzea zen, «tolerantziaren izenean». Hain zuzen ere, jendeak barrutik ibiltzeko aukera izatea zen asmoa, gizakia bere txikitasunaz ohar zedin. Tunelak 50 metro kubiko izan behar zituen hasieran, baina, adituek egindako ikerketen arabera, mendiak ez luke pisua jasango; horregatik, 35 metro karratuko zuloa egitea pentsatu zuen eskultoreak. Hasieratik kanariar asko proiektuaren kontra jarri ziren eta Chillidak berak esan zuen ez zuela jendearen kontrako edo mendiaren babesaren kontrako ezer egingo. Gainera, borroka politikoekin zerikusirik izan nahi ez zuela ere garbi utzi zuen euskal eskultoreak. Hil zenean, ordea, Kanarietako Gobernuak ez zuen proiektua gelditu, eta, hala, ordutik pauso gehiegi eman ez dituen arren, egitasmoak aurrera darrai. Proiektuaren kontra dauden herritarrek, baina, ez dute etsi. Izan ere, majoek utzitako aztarnak eta ingurua bera babestu nahi dituzte. «Nire ustez Chillidaren proiektua interesgarria izan liteke, handikeria bat iruditzen zaidan arren. Baina ez du zentzurik Tindayan egitea. Tindaya eta bere inguruak babestu eta ikertu beharreko aztarnategi sakratuak dira», uste du Aranburuk. Tindaya barrutik hustearen kontra direnek egitasmoa Fuerteventurako beste mendi batean egitea proposatu dute, baina Kanarietako Gobernua ez dago ados. «Beste mendi hori ez dago trakitaz osatua, eta, beraz, Gobernuarentzat ez du interes berezirik, batik bat Gobernuko batzuen lagunentzat», dio Aranburuk. «Tindaya monte sagrado» filma egiteko intentzioa duen taldearen ustez, Kanarietako Gobernua Chillidaren proiektuaren alde baldin badago, ez da artelanak turismoa erakarriko duela uste duelako, ezta eskultorearen ametsa bete nahi duelako, baizik eta mendia zulatzean erauziko den trakita guztia bereganatu eta negozioa egin ahal izango duelako. Kronologia GUTXIENEZ orain dela 1.500 urte Majo tribua Tindayara iritsi zen, eta, sakratutzat zituenleku guztietan bezala, podomorfoak marraztu zituen. XV. Mendea eta modernitatea Esploratzaile espainolek ordura arte Fuerteventuran ezagutzen zen guztia errotik aldatu zuten. XX. mendearekin batera ustiaketa komertzialak hasi ziren. 1985 Eduardo Chillida eskultoreak mendi bat hustu nahi zuela erabaki zuen, monumentu bat egiteko. 1993 Chillidak bere monumentua Tindaya mendian egin nahi zuela erabaki zuen, eta baimenak ere lortu zituen. 1995-2000 Proiektua martxan jarri zen, baina arazo ugari azaleratu ziren: ekologisten protestak, legez kanpoko salerosketak, Antonio Fernandez Ordoñez ingeniariaren heriotza, Chillidak berak proiektua baztertzea erabaki zuen... 2002-2004 Chillidaren heriotzaren ostean ere, Kanarietako Gobernuak proiektuarekin aurrera jarraitzeko nahia azaldu zuen. Hala ere, ikerketak egin bitartean lanak etenda geratu ziren. 2006-2014 Ikerketek proiektua gauzatzea posiblea dela esan ostean, Kanarietako Gobernuak lanak 2009an hasiko zirela esan zuen. Inbertitzaile faltagatik, baina, oraindik ez dira hasi.