GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Geure bidean aurrera, hezkuntza sistema propiorantz

Lidergoak ezinbestean konpartitua izan behar du, ulertua eta sinistua gure oinarrian. Berau baita, herri eta eremu ezberdinetan, Euskal Herrian dagoen giharra, konfrontazio estrategia batean antolatzeko bermea


Berriro dugu Gipuzkoako ikastolen jaia, urriaren 5ean, «Erria txikota» lelopean. Ikasturte hasieran, beti bezala. Herri ekimenez Euskal Curriculumaren garapen propio eta lokala partaidetzan oinarritua garatu duen herrian: Orion. Baina euskaldunok burugaineko ezpata legez sentitzen dugun Lomce madarikatuaren aplikazio garaian. Eta ikastolek 100 urte betetzen duten garai berean, dena batera, esanguratsu. Ez da «Berrogei urte eta gero hau» leloaren birsortzea, harago doa. Herri honek 100 urte daramatza ikastolak aurrera ateratzen, izerdiz eta malkoz; sare publikoko hezkuntzan ere, 30 urtez lanean, jo eta fuego, eskola publikoa hizkuntzaz eta edukiz euskalduntzeko ahaleginetan eta oraindik Madrildik datozen eraso guztiahaldunak jasaten segitu behar.

Guztiahaldunak? Ez hainbeste. Irakasgai itzela eman berri digute Baleareetako irakasleek eta hezkuntza komunitateak orokorrean: beraien murgiltze ereduaren gainetik ezarritako hiru hizkuntzetako eredua (Nafarroan bezala TIL deritzotena) gerarazi berri dute. Zelan? Borrokatuz, beraien duintasuna eta koherentzia, beraien izen ona eta sen katalana inposaketaren gainean jarriz. Horretarako greba luzeak egin izan dituzte, eta mobilizazio ugari, burua makurtu gabe ekin eta jarraitu dute, lortu arte.

Eta gurean bada halakorik, ala? Tira, ba zorionez, bada Lomcerik gabeko hainbat eta hainbat gela, hezigune edota herri, heziguneetako leiho pila batean ikus daiteke Lomceren kontrako eta gure hezkuntzaren aldeko banderola, nonahi ikus daiteke hezkuntza sistema propioaren aldeko «koloretako etxetxoaren» irudia, baina... zein izaten ari da EAEn gobernatzen gaituen Jaurlaritzaren jarrera? Bada, gidatzen duen alderdiaren lelo historikoaren kontrakoa. Hau da, lehen EAJk «acato pero no cumplo» erantzuten bazion Madrilgo Gobernuari, oraingoan «no acato» aldarrikatzen du publikoki, baina mahaipetik Lomce bera aplikatzeko diru-partidak ezartzen ari dira eta «balio sozial eta zibikoak» ikasgaia definitu dute. Emaitza: «digo que no acato, pero cumplo». Aukeran lehengo garaietakoa nahiago. Eta batez ere, hitzak eta ekintzak bat etortzea funtsezko, izan ere, errebelde itxurak eginez inposizioei men egitea ez dugu bidezko ikusten. Lomceren kontrako bandera daraman EAJk, isilpean, bete-betean aplikatzeari ekin dio.

Baina behin aukeratzen hasita, aldarrika dezagun beldurrik gabe: guk ez dugu onartzen inongo botere arrotzen esku sartzerik. Gure herriari dagozkion erabakiak bertan hartu beharrekoak dira, erabakiak hemen hartu nahi ditugu, hezkuntzaz eta hizkuntzaz, orainaz eta etorkizunaz. Euskal Herrian gure hezkuntzaz erabaki nahi dugu.

Bestalde, guk ez dugu Lomcerik nahi, baina horrek ez du esan nahi egungo hezkuntza eredua edota indarrean den ereduen sistema hobesten dugunik. Bere garaiko Eusko Jaurlaritzak orduan ziren maisu-maistra frankisten interesekin talka ekidin nahian, eta horren kudeaketa orduko PSEren esku utzita finkatu ziguten ereduen sistema ere ez da gure herri honetan behar duguna, inondik inora. 30 urte beranduago, bistakoak dira emaitzak: Ez da soilik A eta B ereduek ez dutela euskalduntzen, D ereduko ikasleen herenak ere ez du euskarazko gaitasun komunikatibo gutxienekorik garatzen. Hortaz, normaldu gaitezen, normalizazio bidean ezarri dezagun ezinbesteko bidea: ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen murgiltze eredu bakarra.

Eta ikastolek ehun urte bete dituzten honetan, urte askotarako baino, mende askotarako opako diegu, zorionduz, eskertuz eta oztopoz betea izaten dugun berreuskalduntze bidean, Euskal Herriko ume eta gazteak euskaldun duin, eleaniztun eta burujabe izan daitezen laguntzen jarrai dezaten. Hala bedi!

Apirilean Oibarren izan ginen; maiatzean, Senperen eta Uharten; ekainean, Balmasedan, Gernikan, Bidania-Goiatzen eta Lapuebla de Labarcan; irailaren 27an Andoainen, Euskal Herriko ikastolen 100. urteurrenean, marka ospatuz eta eskertuz; urriaren 5ean Orion izango gara eta 17an, Zangozan. Eta azken bi hitzordu horien tartean, urriaren 11n, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ere izango gara, Lomceri aurre egin eta gure herriak behar duen hezkuntza sistema propioa ozen aldarrikatuz. Geure bidea egiten ari gara, aspalditik eta luzerako. Bide honetako hurrengo geltokian, urriaren 11n, 100 urte bete berri dituzten ikastolak, euskal hezkuntza defenditzen duten gainontzeko eragile guztiak eta herritar anonimoak elkarlanean topatuko ditugula ziur gaude, denok bat eginez hezkuntza sistema propioaren bidean Bilboko, Donostiako, Iruñeko eta Gasteizko kaleak aldarrikapenez betetzea ezinbestekoa delako.

(*)Sortuko hizkuntza eta hezkuntza arduradunak, hurrenez hurren