GARA Euskal Herriko egunkaria

ELN-k eta FARCek bi negoziazio prozesuek bat egitea nahi dute


ELN Nazioa Askatzeko Armadak atzo jakinarazi zuenez, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin ados jarri da, bi gerrillek Gobernuarekin egiten ari diren bi elkarrizketa prozesuak batze aldera, bien helburua bake akordio bat lortzea baita.

ELN Kolonbiako bigarren gerrillak jakitera eman duenez, FARCeko ordezkariekin bilerak egin ditu gaia aztertzeko helburuarekin.

Nicolas Rodriguez Bautista Gabinok zuzentzen duen talde armatuak argitu du bi prozesuak ezberdinak direla, bakoitzak bere ezaugarri propioak dituelako, baina «hala ere `bi prozesu eta helburu bakarra' leloari eutsiko diogu, Kolonbiak lortu beharreko bakea ere bakarra baita».

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC gerrillaren arteko negoziazioak 2012ko azaroan hasi ziren, eta aurtengo ekainean jakinarazi zen ELNren eta Gobernuko ordezkarien arteko bilerak ere egin direla. Gabinok berak bideo baten bitartez joan den asteburuan esan zuenez, azken hilabeteotan bilera gehiago egin dituzte Juan Manuel Santosen Gobernuko ordezkariekin.

ELNkoen azken agirian esaten da bi gerrillek beharrezkotzat jo dutela Gobernuarekin su-etena adostea, milioika herritarren egoera hobetzeko asmoarekin.

Habanako elkarrizketa prozesuen inguruko mugimenduak egin dira mahaiaren beste aldean ere, Santos presidenteak elkarrekin bilera bat egiteko gonbita egin baitio Alvaro Uribe aurreko agintariari. Bake prozesua aztertuko lukete, presidente ohiak baiezkoa emango balu.

Uribe Kolonbiako presidente izan zen 2002tik 2010era. Azken urte horretan Santosek irabazi zituen hauteskundeak, Uriberen laguntzarekin, baina geroztik aldendu egin dira: batek bake prozesuari eusten dio, eta bestea prozesu horren etsairik amorratuena bihurtuta dago. Uribek berak joan den ostiralean aurkeztu zuen dokumentu batean esaten da Habanako elkarrizketan «amore eman duela» Gobernuak.

Gerra krimenak

Kolonbiako gatazka armatuaren sustraian dagoen indarkeria politikoari buruzko berri bat ere izan dugu. Kolonbiako Fiskaltzak erabaki du UP Batasun Patriotikoko buru, kide eta jarraitzaileen aurkako 34 homizidio «gizateriaren aurkako delitu» eta «gerra krimenak» direla. Beraz, ez dira preskribatuko eta ikerketak aurrera jarraitu beharko du.