NOV. 29 2014 Ataramiñek edozein irakurle aseko duen uzta aurkeztu du Ekaitz Sirventek itzulitako Nelson Mandelaren autobiografiako atal bat, Ibon Muñoak idatzitako bertso-liburu berria eta hogei errepresaliaturen ekarpenak jasotzen dituen bilduma. Hori da aurten Ataramiñek aurkeztu duen uzta, edozein irakurlerentzat gozagarri izango dena. Iker BIZKARGUENAGA BILBO Ataramiñek ez dio hutsik egin urteroko hitzorduari, eta, ohi bezala, idazlan sorta erakargarria eramango du Durangoko Azokara. Ibon Muñoa preso eibartarraren «Ainarak herrira itzuliko dira» bertso-liburua, Ekaitz Sirvent zarauztarraren «Urte ilunak», Nelson Mandelak idatzitako «Long Walk to Freedom» autobiografiako pasarte baten itzulpena denak, eta Ataramiñe14 bildumak osatzen dute aurtengo uzta, estilo eta gustu guztiak asetzeko modukoa. Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñeko kideek eta Jon Benito idazleak -berak lagundu dio Sirventi lana aurrera ateratzen- agerraldia egin zuten liburuen berri emateko, eta Ataramiñe14 bildumarekin abiatu zuten prentsaurrekoa. Hogei bat errepresaliatuk osatu dute aurtengo liburua, literaturaz harago doana, marrazkiak, ilustrazioak, argazkiak eta bestelako artelanak azaltzen baitira bertan, baina lehen hitzak kontrazalari eskaini zizkioten, edo hobeto esanda, kontrazalean azaltzen denari, Arkaitz Belloni. Otsailean, Puerto I kartzelan hil zen preso elorriarra, eta berari eskaini diote bilduma. «Bere oroimena bizirik dago Ataramiñe14n», aipatu zuen Mitxel Sarasketak, nabarmenduz idazteak «presoak bizirik daudela» erakusten duen bezala, ezin ahantz daitekeela kartzelak hil egiten duela. Kontrazaletik, azalera, zeinaren egilea Joseba Arregi Erostarbe den. Oñatiko presoak kartzeletako kontrol dorrea irudikatu du herriko plaza batean. Marrazki horrek espetxeko literaturan sarri askotan errepikatzen den irudia ekartzen du gogora: espetxe txikia/espetxe handia, eta huraxe aukeratu dute «espetxe txikian» egositako lanak biltzen dituen liburuaren azalerako. Hitzaurrea Jesus Mari Zalakainek idatzi du. «Egin» egunkariko administrazio kontseiluko kide izateagatik kartzelatu zuten, 18/98 auzian. Izan ere, atzo nabarmendu zutenez, gure herrian jendea kazetaritzan aritze hutsagatik kartzelan dago. Bilduman, gainera, 1983an izandako Carabancheleko borroka sonatua azaltzen duten bertsoak agertzen dira, matxinada hura bertatik bertara ezagutu zuten Txomin Eizagirrek eta Joseba Sarrionandiak idatzi zituztenak. Horiez gain, liburuan beste hainbat egilek parte hartzen dute: Aitzol Iriondok, Mikel Antzak, Marixol Iparragirrek, Alfonso Etxegaraik, Fernando Alonsok, Itziar Alberdik... Robben Islandeko pasarteak Arestian esan bezala, «Urte ilunak» Nelson Mandelak idatzitako autobiografiaren pasarte baten itzulpena da; hain zuzen, Robben Islandeko kartzelan emandako urteak gogora ekartzen dituen atalaren itzulpena. Jon Benitok azaldu zuenez, oso baldintza zailetan burutu behar izan du Sirventek bere lana; besteren artean, duela gutxi 96 ordu bakarturik eman baititu eta oraindik ere komunikazioak oso murriztuta baititu zarauztarrak. Horiek hala, azken zuzenketak berarekin kontrastatu gabe argitaratu behar izan dute liburua. Ibon Muñoaren «Ainarak herrira itzuliko dira» duela hiru urte argitaratutako «Ametsen txokoan bizi naiz» bertso-liburuaren jarraipena da. Honek 162 bertso zituen eta 163. bertsotik abiatzen da idazlan berria. Harpidetza sistema proiektua iraunarazteko Liburuen aurkezpena egin ostean, Ataramiñeko kideek azaldu zuten euskal errepresaliatu politikoen literatura eta sorkuntza lanak hedatzea eta argitaratzea xede duen ekimenak harpidetza sistema jarriko duela martxan; alde batetik, egitasmoaren beraren bideragarritasuna bermatzeko bidean eta, bestetik, irakurleak nahi dituen liburuak modu errazago batean eskura ditzan, banaketa sistema hobetzeko, alegia. Horiek hala, Ataramiñek Durangoko Azokan jarriko duen postuan eskuragarri egongo dira harpidetza-orriak, nahi duenak harpidedun egiteko aukera izan dezan. I.B.