NOV. 30 2014 Xalbadorren mitoa eta pertsona bera ezagutarazi nahi dituen dokumentala «Xalbador izana eta izena» dokumentala estreinatuko da gaur Hazparneko Zinegin festibalean. Eneko Dorronsorok zuzenduriko film honek Urepeleko bertsolari handiaren ikuspegi ezberdinak biltzen ditu. Pertsona atzemateko mitoa hil behar dela; ideia horretatik abiatu bazen ere, Dorronsorok pertsona aurkitzeaz gain, mitoari ere bere tokia eman dio: «Laborari poetari eta txistuak txalo bilakatu zituen gizonari». Idoia ERASO URRUÑA Dokumentalak Xalbadorren alderdi ezberdinak uztartu eta agertzen ditu. «Laborari poeta edo txistuak txalo bilakatu zituen gizonaren berezitasuna badu, baina familiaren bitartez gizona ere erakusten da», azaldu du «Xalbador izana eta izena» filmaren zuzendari Eneko Dorronsorok. Fernando Aire Etxarten eremu anitzak ezagutzeko hainbat pertsona elkarrizketatu ditu, bai familiakoak, bai ezagutu zutenak, baita pertsonaiari buruz gogoeta egin dutenak ere. Osotasunari eman nahi izan dio tokia dokumentalean egileak. Xabier Letek sortu zuen «Urepeleko artzaina»-ren mitoa abiapuntu hartuta, pertsona ere atzeman du. «Mitoa Leteren abestiak egin du, bi hitzetan: `Urepeleko artzaina'. Abesti horretan zein ongi definitzen duen aipatu dut Amets Arzallusekin. Mitoa Leteren poesia irakurriaz egiten da». Bertsolari eta artzainaren mitoa ere berraurkitu du: «Nire ikuspuntua zen mitoa hil behar zela pertsona aurkitzeko eta Xabier Amurizak esan zidan ez zaiola axola mito hori existitzea, baldin eta existitzeko arrazoirik badu, eta Xalbadorrengan bada arrazoi nahiko». Arrazoi horiek ere aztertzen ditu Dorronsorok: «Bere bertso eta sorkuntza literarioan mitoa existitzen bada, oinarri sendoa du eta oinarrian Xalbadorren bertsoa da inportanteena, Euskal Herriari utzi diona». Amets Arzallusekin eta Eneko Bidegain, Xalbadorren bilobarekin, mintzatuta, bertsolariari buruz ere beste alderdi bat agertzen da: «Atentzioa eman zidan, bere bertsoen baitan baduela bata eta bere kontrakoa agertzeko joera, bere baitako kontraesan horiek ageriago ematen ziren bere bertsoen bitartez». Jose Mari Iriondok Fernando Aireri berari egindako elkarrizketa ere baliatu du zuzendariak eta horren bitartez Xalbadorren idazle alderdira hurbiltzeko parada izan du: «Hor ikusten da, aurrez imajina zitekeena, pertsona perfekzionista izaten saiatzen zela eta idatziak beste dimentsio bat irekitzen ziola». «Odolaren mintzoa» liburua Xalbador bera ezagutzeko manera hoberena ere badela defenditu du zuzendari zumaiarrak: «Argi dago Xalbador deskubritzeko `Odolaren mintzoa' behar dela. Nik uste dut hor dagoela bere bihotza, eta hori ordezkatzen ez naiz inolaz ere saiatu». Obrak idazle bilakatu zen bertsolariarentzat izan zuen garrantzia ere agerian utzi nahi izan du dokumentalaren zuzendariak: «Berak ere esaten zuen sufritzen zuela bat-batekotasun horretan eta beste dimentsio bat ireki zitzaiola liburuarekin, eta horrekin hasi eta bukatu zen». Belaunaldi berriak Liburua Xalbador belaunaldi berriengana hurbiltzeko era bat ere izan daitekeela uste du Dorronsorok: «Nik uste dut ate bat izan daitekeela, batetik, `Odolaren mintzoa'-ra joan eta han Xalbador deskubritzeko, eta bestetik, egingo balitz Xalbadorren bertsoekin bilduma bat, hori ere belaunaldi berrientzat puntu erakargarri bat litzatekeela». Gazteei Urepeleko artzaina ezagutarazteko dokumentalak izan dezakeen balioa ere aipatu du: «Ikus-entzunezkoak belaunaldi berriengana errazago iristeko bidea ematen du». Baina zentzu horretan gaineratu du: «Xalbadorrek utzitakoaren zertzeladatxo batzuk daude, bertso batzuk, baina uste dut lagungarri dela deskubrimendu baino». Pertsonaren osaketan Xalbadorrengan euskaltzalearen garrantzia ere nabarmendu du. Urepeleko errealitatetik abiatuta «euskararengatik egindakoa eta euskararekiko konpromisoaren garrantzia» azpimarratu ditu. «Euskara eta Euskal Herriari buruz planteatzen duena da hain argi eta hain garbi gizarte itxi eta txiki horietan balore izugarria dela». Bertsolari urepeldarraren familiak garrantzi handia du Dorronsororen obran. Haren lau seme-alabekin mintzatu da eta emazte zuenari ere toki bat eman nahi izan dio: «Landu nahi izan dut Xalbadorren jarraikortasuna, etxearen jarraipen hori, eta horretan oinarritu naiz». Senideengana joanik beste zerbait atzeman du: «Gauza txikiak, besteengan bizi dela». Euskal Herrian ohikoa den legez sortetxeak ere leku handia hartzen du Xalbadorren kasuan, eta dokumentalari ere eman dio izena: «Xalbadorrek baditu bertso batzuk sortetxeari eginak: «Zuri zor dautzut naizena, izana eta izena», esaten dio etxeari eta dokumentalak hartu duen forma horretan presentzia nabarmena du». ANITZA. «Xalbador definitzeko hauek nabarmenduko nituzke: sortzeko zuen beharra eta laborantza eta bizitza Urepeleko mendietan. Azkenik, bertsoak eman zion atea ere aipatuko nuke, bere errealitatetik irten eta mundu kulturalago batera joateko», dio Eneko Dorronsorok.