Olasagastik eta Etxeberriak pauso bat eman dute aurrera
Minutu eta erdiko abantaila atera zieten Juanjo Lopezi eta Mieltxo Mindegiari.
Joxemari Olasagastik eta Felix Etxeberriak Urrezko Aizkoran urrats bat egin zuten aurrera Juanjo Lopezi eta Mieltxo Mindegiari irabazita. Azken hauek bigarren saioa galdu ostean, lehiaketatik kanpo geratu ziren eta amaitu dute aurtengoa.
Olasagasti eta Etxeberria jaun eta jabe izan ziren hasieratik bukaerara, eta proba bat ez beste guztiak irabazi egin zituzten, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren eta hor lortu zuten lehen abantaila. Etxeberriak 45ean amaitu zuen lana, eta bat gehiago behar izan zuen Lopezek. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta hor Olasagastik berea minutu eta sei segundoan bota zuen, eta bi segundo atera zizkion Mieltxo Mindegiak.
Hirugarrengo lanean zutikako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten. Olasagastik eta Etxeberriak bi minutu eta 13 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta bi minutu eta 47 segundo, berriz, Lopezek eta Mindegiak. 60 ontzakoarekin ere bi beteranoek aldea gehitzea lortu zuten, eta zutikako zein etzaniko enborretan, berdindu egin zuten. Azkenik, iraupen proban, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako mozteko, 11 minutu eta 44 segundo behar izan zituzten Olasagastik eta Etxeberriak, eta 13 minutu eta 44 segundo, Lopezek eta Mindegiak. Lan guztiak bukatzeko, 23 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten Olasagastik eta Etxeberriak, eta 24 minutu eta 30 segundo Mieltxo Mindegiak eta Lopezek.
Joxemari Olasagastik, berriz, apustua jokatzeko desafioa bota dio Aitzol Atutxari, eta Igeldoko aizkolaria Tolosako Kantabriko tabernan izango da bizkaitarraren zain urtarrilaren 12an, 19.00etatik aurrera.