Lau profesional berrirekin abiatuko da txapelketa Ahurtiko trinketean
Ahurtin abiatuko da gaur, 18.00etan, Berezkoen Buruz Buruko Txapelketa, eta gazteek hartuko dute protagonismoa. Beteranoak hasi dira lehia uzten, beste batzuk min hartuta daude, eta gazte askok eman dute profesionaletarako jauzia. Horietako lau izango dira gaur arratsaldean Ahurtin.
Jean Castaings trinketean jokatuko da lehen jardunaldi hau, eta Palomes eta Goikoetxea izango dira lehiaketa irekiko duten pilotariak. Biak dira berriak, eurentzat lehen txapelketa da, eta urduritasunak ere zeresan handia izango du.
Amateurretan biak ere oso ongi ibili dira. Agian, Palomes atera daiteke faborito. Goikoetxea plaza librean oso trebea da, eta txapelketa bat baino gehiago irabazi ditu. Trinketa beste gauza bat da. Hala ere, amateurretan biak behin baino gehiagotan lehiatutakoak dira eta ez dira ezezagunak, eta horregatik hasieran dirua Palomesek alde izango du. Irabazten duenak Bixente Lazkanoren aurka jokatu beharko du Saran.
Ondoren kantxaratuko dira Saldubehere eta Monze, hauek ere berriak dira, baina primeran ezagutzen dute elkar, amateurretan bikotea osatuz behin baino gehiagotan aritu baitira. Gaur, ordea, elkarren aurka aritu beharko dute, eta hasiera batean dirua pare samarrean aterako da. Urduritasuna ongien kontrolatzen asmatzen duenak irabazteko asko izan dezake. Partida honetako garaileak Agirre izango du zain, haren aurka neurtu beharko baititu indarrak Sarako trinketean, urtarrilaren 10ean.