Bekatariok ere, Bilbora
Hileta elizkizuna hasi aitzin ekarria zuten preso politikoa, eta aldaretik hurbileneko eserlekuan eserita zegoen, albo banatan kalez jantzitako bi ertzain zituela. Elizaren inguruan beste ertzain batzuk ere bazeudela konturatuta, nik elizara sartzea erabaki nuen, nahiago bainuen apaizaren erretolika entzun erretzaileekin kanpoaldean ertzainez inguratuta gelditu baino.
Sartu orduko ikusi nuen, lagunaren eta aldarearen artean, hilkutxa. Gorpua bertan zela eginen zen elizkizuna, eta gero, lurperatzea; lehendik iragarria zegoen hilerrira senide hurbilenak baizik ez zirela pasatuko. Hor eserita, lehen ilaran, azken hogeita bi urteetan besarkatu ezin izan nuen lagun presoa zegoen, antza, aita hil berriaren hilkutxan begiak finkaturik, ez baitzuen ezker-eskuin edo atzerantz begiratzen; ertzainek bai, noizbehinka zeharkako begiradak botatzen zituzten.
Esperantza omen da azkena galtzen, eta meza aurrera joan ahala, lagun presoa hasi zen burua jiratzen eta ingurukoak agurtzen; ni, berriz, oso atzean nengoen berak ikus nintzan. Irribarrea eta begirada trukatzea, hori besterik ez nuen nahi, baina meza aurrera zihoan, eta gero eta denbora gutxiago gelditzen zen bukatzeko; lagun presoak ehun eta hirurogei gradu jiratu beharko zukeen burua ni ikusteko, eta mezaren azken atalean sartzera gindoazen: jaunartzea.
Argi zegoen zirt edo zart egin behar nuela eta erabaki bat hartu nuen. Besteekin batera jaunartzea egitera hurbildu nintzen, eta ilarari jarraiki, apaizarengana joan nintzen, apaizaren eskutik ostia sagaratua hartu, ahoratu, atzerako bidea hartu eta lagun presoa zegoen lekutik pasatzean, hurbildu nintzaion eta bi musu eman nizkion.
Istant bat baino ez zen izan, bizitza osoan biok gogoratuko duguna, eta harrezkero anitzetan berpiztu zaidana ene oroimenean eta gerora, bisitei esker, jakin izan ditudan zehaztasunei esker osatu dudana. Besteak beste, eskuak eskuburdinekin lotuta omen zeuzkala, baina txaketa batekin estalita zituenez, ez nintzen ni une hartan ohartu. Ederki gogoratzen dut lagunaren begiak nireetan finkatu zirela, eta gorritasunaren erdian haren begi-ninien txinparta atzeman nuela; usu, lagunaren masail-berotasuna eta malkoen arrastoen hezetasuna berpizten zaizkit gogoan.
Ez dut, haatik, ertzainen begirada oroimenean; han ez zegoen nire lehentasuna, eta ez nien kasurik eman, ertzain batek begiak nire garondoan finkaturik izan zituela eserlekurantz itzultzen ari nintzelarik, gerora beste lagun batzuek esandakoaren arabera.
Antza, berehala beste lagun askok nire gisara egin zuten, eta lagun anitz eta anitz joan ziren egun hartan jaunartzea egitera eta, bidenabar, lagun presoa agurtzera, apaizaren harridurako eta preso politikoaren pozerako.
Beranduegi konturatu nintzen jaunartzea egin gabe hogeita hamar urte baino gehiago neramala eta, gainera, aitorpena egin gabe ostia hartzea bekatua zela irakatsi zidatela. Eta oraindik irri egin dut neure baitarako pentsatzen dudalarik zer ez dugun egin, egiten eta eginen presoen alde: baita bekatu txikiak ere.
Larunbat honetan, adibidez, Bilbora joanen naiz, beste bekatari anitzekin batera.