Juan Garmendia etnografo eta ohorezko euskaltzaina hil da 88 urterekin
Juan Garmendia Larrañagak azken hatsa eman zuen atzo. Txikitatik erakarri zuen euskal bizimodu tradizionalak, eta hori aztertzen lan handia egin zuen. Baita herritarrek ohitura zaharren berri jakin zezaten ere.
Juan Garmendiari gaur egingo diote azken agurra bere jaioterrian, Tolosan. Bitartean, bere gorpua Oria ehorztetxeko beilatokian egongo da, goizeko 10.45 arte.
Azkenaldian osasunez nahiko makal zebilen. Halaxe adierazi zuen atzo Jose Mari Velez de Mendizabalek. Harreman oso estua izan dute urte luzez. Velez Mendizabal Eusko Ikaskuntzako zuzendaria izan zen garaian- 1994tik duela lau urtera arte-, ia egunero ikusten zuten elkar. Ondoren ere tarteka elkarrekin bazkaltzen zuten. Ez dira egun asko azkenekoz elkartu zirela.
«Lagunen lagun» gisa gogoratuko du Velez de Mendizabalek. «Lagunak egiteko zuen dohaina» nabarmendu zuen atzo.
Gaztea zela, familiak zuen janari dendaren atzealdean argizaiolak eta kandelak egiten ikusteak liluratu zuen. Han bertan hartutako oharrekin koadernoak osatuz joan zen. Harik eta Jose Migel Barandiarani esan zion arte. Argitaratu egin behar zituela esan zion hark. «Biek asko estimatzen zuten elkar», esan du Velez de Mendizabalek.
Geografia eta Historia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1984an doktore tesia aurkeztu zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean: Julio Caro Barojak zuzendutako «Euskal lexiko etnografikoa» lana. «Hiztegi Etnografikoa» izenarekin eman zuen argitara, 2003an, Xabier Mendiguren Bereziarturekin elkarlanean.
Lan handia egin zuen bizitza osoan zehar eta haren esker ona jaso zuela sentitzen zuen. Horren lekuko dira jasotako sari ugariak. 2002ko azaroaren 29an, Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen. Eusko Ikaskuntzako eta Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkide zen; baita Euskalerriko Adiskideen Elkarteko edota Arantzadi Zientzia Elkarteko kide ere, besteren artean. Tolosako seme kuttuna zen, 1998tik. 2001. urtean, Eusko Ikaskuntzaren Giza, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria eman zioten. 2011n Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare saria jaso zuen.
Dibulgatzea ikertzea bezain garrantzitsua den jakitun, hainbat aldizkari eta egunkaritan argitara eman zituen bere artikuluak. «Juanitok ikarragarrizko erraztasuna izan zuen dibulgatzeko», aipatu du Velez de Mendizabalek.
Argitalpen ugari
1970eko hamarkadan, «Euskal Esku-Langintza-Artesanía Vasca» (I, II, III, IV, V) liburua argitaratu zuen, euskaraz eta gaztelaniaz. 1973an, «El Carnaval Vasco y sus personajes» lana kaleratu zuen. Ondorengo urteak artisautzaren alderdi desberdinak aztertzen eman zituen: baserria, burdinola, lanabesak, kofradiak, heriotzaren inguruko ohiturak...
Hurrengo hamarkadan, aldiz, Arabako inauteriak, euskaldunak eta itsasoa, Bidasoa aldeko artisauak, udako solstizioaren gaineko errituak, kondairak... bezalako gaiak jorratu zituen. Goi mailako zientzia gizontzat dauka Velez de Mendizabalek. «Oso zorrotza zen, eta emaroa», esan zuen atzo heriotzaren berri izan eta ordu gutxira. Jose Migel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Koldo Mitxelena eta Jorge Oteizak beren taldean sartu izana ez da nolanahikoa Eusko Ikaskuntzaren zuzendari ohiarentzat. «Herri honek eman dituen lau jenioren adiskidea izan zen. Haien lagun ez zen edozein... Eta eurengandik edan zuen», nabarmendu du.
Velez de Mendizabalen esanetan, «beti bihotzetik hitz egiten zuen eta horregatik maite zuen jendeak».
Bere ikerketa lanean bere kabuz ibili zalea zen. «Berak esaten zuen bere lan mardula egitea lortu zuela bakar-bakarrik ibili zelako. Denbora eman zion hain lan zabala egiteko».
Garmendiak eta Velez de Mendizabalek ahalegina egin zuten tolosarraren obra osoa Eusko Ikaskuntzaren web orrian (www.eusko-ikaskuntza.org) eskuragai jartzeko. «Hor daude dozenaka eta dozenaka liburu. Ondoren ere urtero liburu berriak argitaratzen jarraitu zuen. Teknologia berrien aldeko apustua egin zuen berak. Juanito adindua zen, baina ez zen zaharra», adierazi zuen.
Garmendiaren heriotza dela-eta bere atsekabea agertu zuen Lakuako Gobernuak.