JAN. 10 2015 PILOTA Faborito garbirik ez dago Sarako kanporaketetan J.L. Saran abiatuko da gaur, 17.00etan, Berezkoen Buruz Buruko bigarren jardunaldia, eta astelehenean emango zaio amaiera, Donibane Garazin jokatuko diren beste bi kanporaketekin. Lazkanoren eta Palomesen partidarekin abiatuko da jaialdia, eta faborito argirik ez da ikusten, nahiz eta agian dirua Palomes gaztearen alde atera litekeen. Adin eta eskarmentu aldetik bi pilotari ezberdin izango dira aurrez aurre. Bixente Lazkanok urte asko daramatza onenekin lehiatzen, nahiz eta ez duengoi mailara heltzea lortu. Pilotari arriskutsua izaten da, eta ezusteren bat baino gehiago emandakoa ere bada Urruñakoa. Hala ere, beretzat aurtengo txapelketako lehen partida izango da eta horrek arriskuak dakartza. Palomes, aldiz, iritsi berria da berezkoetara, eta lehen kanporaketa gaindituta arituko da Saran, pasa den astean 40-31 menderatu baitzuen Goikoetxea. Bere lehen helburua beteta jokatuko du, eta galtzeko, berriz, ez du ezer izango. Irabazleak Larralderen aurka neurtuko ditu indarrak urtarrilaren 18an Donapaleun. Bigarren kanporaketa Agirrek eta Saldubeherek jokatuko dute. Biak ere gazteak dira, baina Agirrek lau denboraldi daramatza berezkoetan. Saldubehere, aldiz, iritsi berria da eta lehen txapelketa du hau onenekin. Pasa den astean Monzeri irabazita dator, 40-35, eta konfiantza handiarekin joango da. Agirre ere normalean lehen kanporaketak gainditzen dituen horietakoa da, eta agian bera atera liteke faborito. Halere, seguruenik diruan ez da alde handirik izango, hasieran behintzat. Gero, partidaren arabera, gauzak aldatu daitezke. Irabazten duen pilotariak Ximun Lanberten aurka jokatu beharko du hurrengo kanporaketan, Baigorriko trinketean, urtarrilaren 17an. Galtzen duenak etxera joan behar izango du.