JAN. 12 2015 ZIRIKAZAN Kontu txikiagoak Josebe EGIA Joan den astean, nazioarteko atalean, ondoko titularra topatu nuen: «Ika-mika Argentinan botiketako tanpoi eskasia dela-eta». Han garai honetan uda denez, egundokoa eragin ei du emakume andanak hondartzan, gutxieneko duintasunarekin, bainua hartu ezin izatea. Albistean inportatzaileak, dibisak erosteko kontrolak eta Gobernuaren prentsaurrekoak nahasten ziren, eta, botikari baten ahotik, zera zioen: «Negu partean, toallatxoekin-eta moldatu dira emakumeak, baina udan behar handiagoa dagoenez, gabe gabiltza, stocka erabat agortuta, alegia». Hori putakeria, pentsatu nuen lehenik; jarraian, nazioarteko prentsan ere agertzeko, kontuak larria baino larriagoa izan behar zuela. Zergatik ez; azken finean, zenbat emakumeri eragiten dio arazoak? Zenbat emakume dago Argentinan itsasora gerturatzeko moduan? Zenbat, itsasotik urrun egonda ere, antzina legez toallatxo ziztrinekin aurrera eta atzera ibiltzeko gogo-zipitzik ez duena? Zenbat ziur asko dezente nazkatuta dagoena inor ez delako inolako neurririk hartzen ari? Uda ailegatu aurretik, behintzat, arraioa! Parisen Charlie Hebdo aldizkariaren kontrako erasoak eragindakoaren artean zegoen, Ukraina, AEBak eta Kuba, Merkel eta Cameron, Grezia, Air Asia konpainiako hegazkina... goi-azpian. Albiste horiek jasotakoen ondoan, barregarri samarra irudi lezake tanpoi gabeziaren gaineko berri batek; arina, edo betelana, bitxikeria gisara txertatua, agian. Egongo dira (asko, gainera) usteko dutenak emakumeon arazoez hitz egiten hastekotan, badagoela hori baino gehiago nabarmentzea merezi duenik. Gai handiak, mundu osoko emakumezkoen segurtasuna, garapena eta askatasuna arriskuan jartzen duten horiek guztiak. Hain zuzen ere, hedabideetan -nongoan, jakina- nola edo hala ohikotasunez jorratzen direnak. Ados; bat nator iritzi horrekin, jakina, baldin eta ikuspegi horrek emakumeon gauza txikiak baztertzen ez baditu. Izan ere, eguneroko bizimoduko gauza txikietan sumatzen baitugu, neurri handi batean, zein begirune eta garrantzirekin heltzen zaien geuri, eta geuri baino ez, eragiten diguten kontuei. Indarkeriak, hezkuntzarik ezak, lan-munduko desberdintasunak, kristalezko sabaiak, misoginiak eta emakumeok jasan beharreko gaitztzat jotzen diren guztiek isla konkretu eta ukigarriak dituzte eguneroko gauza txiki horietan. Horiek plazaratzeko eta salatzeko lotsa nagusi dela uste dut, tuntuntzat hartuko gaituztelakoan, baina horixe ere gainditu beharrean gaude inolako konplexurik gabe. Tanpoi gabeziarenak inoiz hona ekarri izan dudan kontu bat gogorarazi zidan: Euskal Herriko tabernetako komunak eta horiek batere ez zaintzeko tema ulertezina. Komunen egoera tamalgarriak sutan jartzea gehiegikeriatzat jotzen dute batek baino gehiagok nire inguruan, barre egiten didate, baina nik neuk emakumeekiko errespeturik ezaren adierazgarri garbitzat jotzen dut. Ahal dudan heinean, borrokatu eta borrokatzera animatu ere egiten dut; jakinaren gainean, beste guztian bezala, isilik egonez sekula ez ditugula komunekoak lasai eta patxadaz egingo. Eskubide osoa dugu, besterik ez. Txikikeria al da hori?