Ruslan Avdoyan Paristik kanporatu dute Cimaderen eskaerari entzungor eginda
Kazeta.eus atariak Cimade elkarteko iturriak aipatuz baieztatu zuenez, Ruslan Avdoyan kurdu armeniarra Parisko aireportura eraman zuten atzo, eta bertatik bere herrira kanporatu, asilo eskubidea ukatuz.
Cimade elkarteak adierazi zuenez, atzo 13.00 aldera Ruslan Avdoyan kurdu armeniarra Parisko aireportura eraman zuten eta, loturik, bere herrira kanporatu, eskatutako asiloa ukatuz. Herenegun prefetak adierazi zuenaren aitzinean, bere «haserrea» agertu zuen elkarteak.
Kazetak jakinarazi zuenez, Avdoyanen anaiak abisatu zion Cimaderi Parisko aireportuan zegoela eta «loturik» zenez ezin izan zuela kanporatze agindua ekidin. Asteartean, prefetak adierazpen baten bidez iragarri zuen ez zela «bideragarria» gazteari babes politikoa eskaintzea, eta «familia erregulatzea, lurralde frantsesean egon diren denbora eskasagatik eta bere egoeragatik».
Honen aitzinean, Cimade, Ruslan Avdoyan Parisko Mesnil Amelot atxilotze zentrora eraman ondotik, suminduta agertu zen. «Helburu nagusia da gizon hau bere familia eta sostenguarengandik urruntzea eta honek pentsarazten digu frantses Estatuko bozeramaileak familia horren zartatzea nahi duela», adierazi zuen. Gizon gazteak emaztea eta hiru ume ditu Baionan, txikiena duela bi hilabete eta erdi jaioa.
Eskubidea, eta ez delitua
Cimadek jakinarazi zuenez, orain, kurdu armeniarra bere jatorrizko herrialdera eramana izanen da, nahiz eta bertan heriotzaz mehatxatua den. Prefetaren arabera, «herrialde segurua» da, baina Cimadek ohartarazi zuen bezala, «frantses Estatuak ez du Armenia segurutzat jo 2009. urtera arte, 2010ean berriz erretiratu zuten zerrendatik eta 2011n berriro sartu», baina herritar guztientzako berme guztiak eskaintzen ote dituen zalantzekin. Adibidez, GKE ugarik salatu izan dute yezidien komunitateak Armenian duen patua. Ruslan Avdoyan yezidia da.
Halaber, Cimadek gogoratu zuen norberaren herrialdea uztea ez dela delitua, eskubidea baizik. 1951ko Genevako Konbentzioak hala jasotzen du.
Elementu horiek kontuan hartuta, elkarteak babes politikoa eskatu zuen Avdoyanentzat, «arrazoi humanitarioengatik», baina alferrik izan da.
Eskaera horrekin, astelehenean 125 lagunek egin zuten elkarretaratzea Baionan, suprefeturaren aitzinean. Gazte kurduaren asilo eskubidea errespetatu eta ez kanporatzeko eskatu zuten Lapurdiko hiriburuko bere herrikideek.
Kanpaina aurrera eraman zuen elkarteak helburu hori lortzeko, eta haren barrenean egindako ekintzetako bat izan zen elkarretaratzea. Jendeak ongi erantzun zuen babesa emanez, baina halere Helene Ducarre elkarteko presidentea nahiko ezkor agertu zen.