JAN. 17 2015 Aizkora | Urrezko lehiaketa Finalerdietarako txartela izango da jokoan Urrotzen Joxemari Olasagasti eta Felix Etxeberria Donato eta Oihan Larretxearen aurka arituko dira gaur, 20.00etatik aurrera, Urrotzeko pilotalekuan. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta Urrotzen egingo du hurrengo geldialdia, hango pilotalekuan neurtuko baitira gaur, 20.00etan, Felix Etxeberria eta Joxemari Olasagasti Donato eta Oihan Larretxearen aurka. Garrantzi handiko neurketa izango da, garaipena lortzen duenak aurrera egiteko modua izango du, eta galtzen duenak, berriz, etxerako bidea egitea besterik ez zaio geratuko. Final baten kutsua izango du. Sei lan ezberdin egin beharko ditu bikote bakoitzak. Lan guztietako denborak batuta jakingo da zeinek egingo duen aurrera. Saio polita eta orekatua aurreikusten da, eta ez dirudi iraupen proba baino lehen ezer erabakita geratuko denik. Ez dago apusturik Pasa den astelehenean batu ziren Tolosan Joxemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa, baina oraingoz ez dute hitzartu bien arteko apusturik. Igeldotarrak egin zion desafiorako deia Euskal Herriko txapeldunari, baina bien artean ez zen adostasunik izan, eta ondorioz, gaur-gaurkoz, behintzat, ez da apusturik izango, nahiz eta zaleen artean norgehiagoka horrek ikusmin handi samarra ere piztua zuen. Nolanahi ere, urtea hasi besterik ez da egin eta jadanik bi apustu gauzatu dira, eta horrez gain, datorren martxorako Joseba Otaegiren eta Xabier Orbegozo Arria V.aren arteko apustua iragarrita dago. Ekainerako, berriz, bi neskak hitzartu dute desafioa; Alatzne Etxaburua eta Irati Astondoa nor baino nor jardungo dira.