Bixintxo Bilbaok eta Ximun Lanbertek erraz egin dute final-laurdenetarako bidea
Bilbaok eta Ximun Lanbertek lortu zuten atzo Berezkoen Buruz Buruko final-laurdenetan sartzeko txartela, euren kanporaketak aparteko arazorik gabe bereganatu ostean.
Bilbaok erraz irabazi zion atzo Laurent Lanberti, 40 eta 25, 56 minutuan jokatu ostean. Hala, Bilbaok hiru kanporaketa gainditu ditu, eta lanak primeran eginda eta helburuak bapo beteta sartu da final-laurdenetan.
Neurketa honek ez zuen kontatzeko gehiegi izan. Lanbert aurretik ibili zen, baina berehala lortu zuen Bilbaok hamar kintzeko zuloa egitea, eta hortik aurrera bidea erraz egin zuen, aurkariak ez baitzuen estutu.
Saketik, hamahiruna tanto egin zituen pilotari bakoitzak. Jokoan, 15 tanto egin zituen Bilbaok, eta 7, berriz, Lanbertek. Markagailua honela ibili zen: 0-6, 6-6, 15-9, 21-10, 30-13, 37-20 eta 40-25.
Ondorengo kanporaketa ere tankerakoa izan zen, izan ere, Ximun Lanbertek 40 eta 19 irabazi baitzion Saldubehereri. Azken honek bazuen, ordea, aitzakia, aste honetan bertan izan baita aita, eta horrek sortzen dituen nekeak sumatu zituen Donibane Garazikoak.
Ximun Lanbertek beti izan zuen norgehiagoka kontrolpean, nahiz eta berdinduta ere egon ziren. Saketik 9 tanto egin zituen Lanbertek, eta 3 Saldubeherek. Jokoan, 27 kintze egin zituen irabazleak, eta galtzaileak, berriz, 11 egin ahal izan zituen. Galdu, aldiz, bost eta lau egin zituzten. 51 minutu iraun zituen partidako markagailua honela mugitu zen: 5-0, 6-6, 7-7, 15-10, 31-16 eta 40-19.