Alohe Oe
Urtarrila itsaski handien garaia da Hawaiin, baina hori bakarrik ez, Surfaren aita izan zen Duke Kahanamoku gurtzeko zenbait ekimen kultural egiten diren hilabetea ere bada. 1968ko urtarrilaren 22an hil zen Duke bihotzekoak jota, hileta elizkizunak ordea, bost egun beranduago izan ziren.
Urtarrilaren 27an, 30 poliziako eskolta batek inguratuta, Honoluluko kaleak zeharkatu zituen Dukeren gorpua zeraman hileta martxak. Waikiki jendez lepo zen eta euria erruz ari zuen «ur zirrista» esan nahi duen hondartzan. Traje ilunak eta aterkiak, bainujantzi eta oinutsekin nahasten ziren itsasbazterrean. Waikikiko Surf Elkarteak kanoa hawaiiar bat atera zuen eta itsasoratzen ari ziren dozenaka ontzi eta piraguekin bat egin zuten. Duke itsasora itzuli zen azken eguna izan zen.
Itsas gizon hawaiiarraren errautsak Ozeano Barean urtu ziren. Ordutik ohiko bilakatu da surflari bat hiltzen denean hausterreak itsasoan desegiteko surf taulekin itsasoratu eta zeremonia moduko batean, biribilean eskuak emanda, Lei lorez egindako lepokoak ur azalean utzi ostean azkenekoz agur esatea.
Duke hil zenean bezala, poliziak sarri ixten ditu kaleak gurean, bestelako arrazoiengatik bada ere. Batzuetan, defuntua gurtzeko modukoa izaten da, adio ganoraz esatea merezi duen horietakoa eta niri ere hawaiiarrek bezala nire omenalditxoa egitea gustatzen zait. Itsasoan, haiekin bat egiten dudala sentitzen dut eta Duke hil zenean abestu zioten kantaren estribilloa errepikatzen dut arraun egiten dudan bitartean. «Alohe Oe» (agur zuri) dio Lili Uokalani printzesa hawaiiarrak konposatzen zuen abesti mitikoak.
Hawaiin bezala, itsaski handiekin hasi da aurten urtarrila Euskal Herrian eta zerua, Dukeri agur esan zion egunean bezala negarrez ari da. Euria egin du azken egunetan, batez ere pasa den ostiralean. Goibelak izan dira azken orduak, ortzian eta lurrean. Nik ere agur esan nahi nieke Duke bezalako gizon-emakume handiei eta zenbaitetan, euskarazko bi hitz ere erantsiko nizkioke adio esakune hawaiiarrari: Alohe Oe eta ohore!