JAN. 19 2015 ZIRIKAZAN Segregazioa Josebe EGIA Azkenaldiko zenbait berrik aspalditxoago irakurritako beste hainbat ekarri dizkit gogora, eta denen artean film edota erreportajeetan ikusitako eta nik neuk imajinaturiko irudiak jarri dizkidate buruan dantzan: segregazioaren argazkiak. Pertsona beltzak eta zuriak bereizi egiten zirenekoak, aurrenekoak diskriminatuz eta mugatuz, adeigabe eta bidegabe. Hura desagertu eta hamarkada gutxi batzuk geroago, munduko zenbait lekutan segregazioari heltzen ari zaio berriro; orduan bezala, garraiobideetan, esaterako. Emakumeen eta gizonen artekoari, oraingoan. Latinoamerikan, kasu, hain da basatia eta etengabea emakumezkoek autobusean edo metroan nozitzen duten sexu-jazarpena (begirada lizunen, zirrien, iruzkinen... bidez, kasurik arinenetan), ezen agintariak neurriak hartu beharrean baitaude. Neurriotako batzuk, Mexiko DFn, adibidez, ondokoak dira: joan-etorri handieneko orduetan, metroaren aurreneko bagoiak emakumeentzako (eta umeentzako, jakina) baino ez dira, eta nasan marra garbiak dituzte horixe adierazteko; autobusei dagokienez, emakumeek aurreko atetik sartu behar dute, eta geltokietan eurentzako eta ez besterentzako atonduriko guneetan itxaron behar dute, eta autobus arrosak (jakina) deritzenak ere badituzte, gizonezkoei ukatuak. Espainian ere badago kolore horretako taxi-zerbitzua duen hiririk. Asian, hasiak dira gero eta hiri gehiagotan halako neurriak ezarri nahian. Betiere, herrialde guztietan, arriskugarritasuna murriztea xede; edo, bestela esanda, emakumezkoen segurtasuna areagotzeko. Ez dut esango neurriok eta antzeko erabakiek ez dutenik, ziurrenik, asmo ona. Halere, nago sendotu baino ez dutela egiten emakumeoi dagokigunez joera oso orokortua: biktima are gehiago biktimizatzea. Izan ere, geure hobe beharrez harturiko erabaki eta neurriek nolatan mugatzen gaituzte gu eta ez besterik; nolatan behartzen gaituzte gu eta ez besterik gure jarrera, ohitura eta jokabideak aldatzera. Zergatik ibili behar dugu munduan zehar gizonezkoen ikuskerak eta jokaerek baldintzatuta; zergatik sentitu behar dugu babesa horrela eta ez agintarien eta bestelakoen jomugan erasotzaileak daudela ziur egonez, horixe sumatuz eta egiaztatuz. Zergatik ikasi behar dute neskatilek, ezer txarrik jasan nahi ezean, modurik seguruena gizonengandik aldentzea dela, alegia, emakumeontzako baino ez diren guneetara mugatzea joan-etorria, aisialdia, lana... bizitza. Finean, pertsonok elkar iraintzeko eta erasotzeko espazioak mugagabeak dira, horixe du elkarbizitzak-eta. Arlo ugaritako neska-mutil binarismo diskriminatzaile eta murriztailea (emakumeon kalterako) nahikoa ez eta segregazioa al da emakumeok seguru bizitzeko modua, geuri errespetua izateko zein adierazteko konponbidea? Horrek bultzatuko al du etorkizuneko belaunaldietako gizonezkoek parekoen lez trata gaitzaten? Ez horixe, nabarmena denez, batzuek besteen gainean eragindako indarraren eta jazarpenen ondoriozko bereizketa orok -beste ezer gabe datorrenean- areago sustatzen duelako bigarrenen ahuleziaren eta babesgaiaren irudia. Hain zuzen ere, munduko emakumeon gainetik kentzen saiatzen ari garena.