JAN. 21 2015 Kritika sozialari bide ematen dion nobela beltzari astea eskainiko dio Baztanek gaurtik aitzin Gaurtik datorren igandera bitarte, Euskal Nobela Beltzaren Asteak lehenengo edizioa izango du Baztanen. Generoaren sorrerak Euskal Herrian eta bailaran gertatutako istorioek leku zehatza izango dute egitarauan. Ariane KAMIO DONOSTIA Nobela beltza aipatu eta Stieg Larsson izan daiteke burura datorren izenetako bat. Nazioartean harrabots handia izan zuen trilogiaren sortzailea izan zen, inguru nordikoetan girotutako eleberri mardulen aita. Genero horrek, baina, badu tradiziorik Euskal Herriko eremuen barruan. Baztan izan daiteke horietako bat, eta euskarazko nobela beltzaren gotorleku bilakatuko da gaurtik hasi eta datorren igandera bitarte. Ernesto Prat antolatzaileak zehaztu duenez, «Idazleekin solasean» ekimenaren bueltan sortutako ekimena da gaur abiatuko dena. Beste herri askotan bezala, irakurzaleen artean errepikatzen den formula da: liburu bat irakurri eta ondoren idazlearekin solasean aritu. «Ikusten genuen nobela beltzak sekulako aukera ematen zuela kritika sozialerako eta gizartearen alde ilun horiek, politikarien ustelkeria esaterako, lantzeko», esan du. Hortik abiatu zen hasierako ideia, zehaztapen gehiegirik gabe; ez zekiten oraindik solasaldi bat antolatuko zuten, egun bateko egitaraua izango zen edo aste oso bateko luzapena izango zuen. Azken aukera gailendu da azkenean, eta datorren igandera arte egitarau zabala prestatu dute. Ardatza euskarazko nobela beltza izango da, edo euskarara ekarriak izan diren genero horretako lanak. «Idazleekin solasean» taldeak bere saioa izaten jarraituko du. Kasu honetan, Eneko Aizpuruaren «Herensuge gorriaren urtea» liburuaren bueltan bilduko dira sortzailearekin batera. Gaur bertan izango da. Ez da bera izango idazle gonbidatu bakarra. Larunbatean Itxaro Borda, Jon Alonso eta Miel Anjel Elustondo parte hartzaile izango diren mahai-ingurua izango da. Egun berean, Juan Kruz Igerabidek «Zangotrabak» lana aurkeztuko du eta Joseba Larretxeak genero beltza oinarri duen komikia eramango du Baztanera. Tokiko benetako istorioak Ez da soilik literatura idatzia izango Euskal Nobela Beltzaren Astearen bueltan antolatu duten egitarauan. «Baztango kontu beltzak» izan daiteke bestelako jarduera horietako bat. «Gaztetxean egingo da ekitaldia, ostiralean. Ipuin kontaketa baten formatuan Baztanen gertatutako istorio beltz zenbait kontatuko dira, egiaz gertatuak. Ipuin moduan emana kontatuko diogu jendeari», azaldu du Pratek. Eta istorio horiei lotuta, azken egunean, igandean, Amaiurko plazatik abiatuta «Kronika beltz baten ibilaldia» egingo da. Eta arratsaldean, nobela beltzari lotutako bertso trama. Mariano Izeta Baztanek badu nobela beltzarekin lotura historikorik. Izan ere, Mariano Izetaren «Dirua galgarri» lana izan zen euskarazko lehenengo eleberri beltzetako bat. Baztango Euskal Nobela Beltzaren Astean liburuaren berrargitalpena aurkeztuko da. Bihar izango da, Kultur Etxean. Ondoren, Jon Abrilekin solasaldia. Euskarazko sorkuntzek izango dute lehentasuna aste horretan, batez ere kritika soziala eragiten duten lanek. «Askotan nobela beltzetan protagonista nagusia polizia bat da, eta horrek Euskal Herrian ez du sinesgarritasunik. Euskal Herrian kokatzen diren eleberri askotan ikertzailea ez da polizia, baizik eta detektibe bat, edo kazetari bat. Hilketaren zergatia aztertzen dutenek kritika sozialaren bidez bertsio ofiziala desmuntatzeko aukera ematen dute», dio.