Abokatu mehatxatuen nazioarteko egunean lankide filipinarrekin elkartasuna
Gaur, Ankaran, Atenasen, Bartzelonan, Berlinen, Bernan, Bruselan, Dusseldorfen, Hagan, Istanbulen, Londresen, Parisen, Milanen Erroman, Manilan edo Vienan, munduko abokatu aurrerakoiok gure ahotsa entzunarazi nahi dugu, txiroen eskubideen alde eta giza eskubideen bortxaketen aurka etengabe borrokatzen diren eta horregatik erailtzen, espetxeratzen edo mehatxatzen dituzten abokatu filipinarren alde
Hamabi lankide euskaldunen aurkako polizia operazioaren oihartzunak amaitu ez diren egun honetan, Mehatxaturiko Abokatuen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hainbat nazioarteko abokatu elkarte aurrerakoiek herri askotan lankideek pairatzen duten egoera azalarazteko eguna, hain zuzen. Ekimen hau 2010ean jarri zen martxan Europako Abokatu Demokraten Elkartearen eskutik, 1977ko urtarrilaren 24an Madrileko Atocha kalean lau abokatu erail zituzteneko urteurrena Mehatxaturiko Abokatuen Nazioarteko Eguna bihurtuaz, eta lehen urte horretan Iraneko abokatuek pairatzen duten jazarpena salatu zen Europako hainbat hiritan.
2013. urteko protestaldietan abokatu euskaldunekiko elkartasuna zabaldu zen bezala, aurten Filipinetako abokatu aurrerakoiek bizi duten egoera salatzea dagokigu. Lurralde urruna izanik, sendoa izan du lotura gure herriarekin, eta hori dela-eta bada beti konplizitate bat gu eta beraien artean. Zorretan gara gainera, hemen bertan pairatzen dugun egoerarekiko jasotako nazioarteko elkartasuna dela eta.
Gaur, Ankaran, Atenasen, Bartzelonan, Berlinen, Bernan, Bruselan, Dusseldorfen, Hagan, Istanbulen, Londresen, Parisen, Milanen, Erroman, Manilan edo Vienan, munduko abokatu aurrerakoiok gure ahotsa entzunarazi nahi dugu, txiroen eskubideen alde eta giza eskubideen bortxaketen aurka etengabe borrokatzen diren eta horregatik erailtzen, espetxeratzen edo mehatxatzen dituzten abokatu filipinarren alde.
Hainbat informazioren arabera 41 dira 2001etik hona Filipinetan eraildako abokatuak, horietatik bederatzi giza eskubideen defentsan ari zirela. Rudolfo Felicio, Noel Archival, John Mark Espera, Ian Vela, Julian Achas, Sulpicio Landicho, Lazaro Gayo, Christobal Fernandez dira, besteak beste, giza eskubideen defentsan eroritako lankideak.
Rodolfo Felicio, adibidez, 2014eko abuztuan erail zuten, National Union of People's Lawyers (NUPL) elkarteko kide eta urteetan giza eskubideen defendatzaile sutsu izan zena. Bere bezero txiroen etxean zela tirokatu zuten motorretan zihoazen lau pertsonak. Bere hilketa eta bere jardun profesionala ezin dira banatu. Nahiz eta hiltzaileak atxilotuak ez izan, nabaria da hilketa honek Feliciok zeramatzan lur eskubide edo preso politikoen giza eskubideen arloko kasuekin duen harremana.
57 abokatu izan dira mehatxatuak eta jazarriak, eta 18 epaile ere erail dituzte. Argitutako kasuen %65ean militarrak zeuden tartean eta beste %20ean, polizia. Mehatxatuen artean Edre U. Olaila lankidea dugu, NUPLeko idazkari nagusia. Nabaria da bere aurkako polizia jazarpena, nazioarte mailako kasu asko baitaramatza, legez kanpoko erailketa, desagerpen edo tortura salaketak barne.
Azken urteotan nazioarteko presioa, gertaera guzti hauek argitzeko, zigortzeko eta berriro gerta ez daitezen neurriak hartzeko presioa, gutxitu egin da. Ez, ordea, mehatxu eta heriotzak. Eta gutxi, oso gutxi dira aztertu eta argitzen diren kasuak. Onartezina da Filipinetako Gobernuak jarrera tinkoagoa ez hartzea eta nazioarteko legediaren arabera dagozkion giza eskubideen arloko betebehar, legezko zein etikoak, ez betetzea.
2010. urtean Benigno Aquino III.ak hitzeman zuen ez zituela onartuko legez kanpoko erailketak edo desagerpenak, eta sistema judizialaren erreforma agindu zuen. Bost urte beranduago guzti hau hitz hutsetan geratu da, azken urteotako gertaerak ikusita. Polizia eta politikarien gaineko ikerketak aurrera zeramatzan Reynerio Estacio epailearen erailketaren kasuan soilik egon da ikerketa.
Hori dela-eta Eskubideak elkarteak European Lawyers for Democracy and Human Rights, European Democratic Lawyers eta International Association of Democratic Lawyers elkarteko kide gisa Filipinetako abokatuek pairatzen duten jazarpena salatu nahi du, eta Filipinetako Gobernuari honako eskaera egin nahi diogu: onar dezala publikoki giza eskubideen defendatzaileek, abokatuek barne, egiten duten lan legitimoa; Estatuak baimentzen duen inpunitateari amaiera jar diezaiola, neurriak eta zigorrak ezar ditzala abokatu eta giza eskubideen defendatzaileak estigmatizatzen dituztenen aurka, bai eta beren jardun profesionalagatik atxilotuak, ikertuak eta espetxeratuak diren abokatuak aska ditzala ere.
Era berean, nazioarteko ikerketa independente bat ireki dadila galdetzen dugu, giza eskubideen bortxaketa guzti hauek ikertu asmoz.
Amaitzeko, Eskubideak elkarteko kideok gure elkartasun osoa helarazi nahi diegu gure lankide filipinarrei eta, batik bat, NUPLeko kideei. Herritarren eskubideen defentsan beti lagun.