Amaitu da Agusti Waltariren urrezko aroa
Amaitu da Agusti Waltariren urrezko aroa. Atzo argi eta garbi ikusi zen hori Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako kanporaketan, Larralde gaztearen aurka 40 eta 10 galdu baitzuen Kubakoak.
Amerikarra ez zen faboritoa; beraz, alde horretatik ez zen ezusterik izan, baina inork gutxik uste zuen Waltarik hamar kintze bakarrik egingo zituenik. Azkeneko lesioa izan zuenetik ez da lehengoa, eta garbi dago oso zaila izango duela hori lortzea; are gehiago, gazteak sekulako abiadan datozela kontuan hartuta. Larralderekin batera, Ximun Lanbertek ere lortu zuen finalerdietarako txartela.
Trinketeko esku pilota maite duten zaleak kezkatuta zebiltzan azkeneko urte hauetan, behetik ez zutelako gazterik ikusten, baina aurtengo finalerdietan denak gazteak edo oso gazteak izango dira. Lauretan zaharrena Ximun Lanbert izango da, eta 28 urte besterik ez ditu. Ondoren, Ducassou II.a eta Bilbao daude, biak 23 urtekoak eta Larraldek, berriz, 21 besterik ez ditu.
Larralderen eta Waltariren arteko neurketak ez zuen kolorerik izan, 31 minutuan amaitu baitzen, Larraldek erraz irabazita.
Kontatzeko oso gutxi izan zuen, Larralde jaun eta jabe izan baitzen. Saketik 19 tanto egin zituen, eta hiru besterik ez Waltarik, baina Kubakoak saketik hiru falta ere egin zituen. Jokoan 11 kintze egin zituen Larraldek, eta aurkariak bi. Galdu, bost eta hamar galdu zituzten. 3-0, 28-4, 30-5, 34-8 eta 40-10 izan ziren partidako mugimenduak.
Bigarren neurketa askoz ere hobea izan zen. Ximun Lanbertek 40 eta 36 irabazi zion Harizmendiri, 75 minutuan. Nahiz eta partidan alde handiak ez ziren izan, Lanbert ia une oro aitzinetik izan zen markagailuan.
Harizmendi, saiatu zen aurkariari aurre egiten; beti barruan egon zen, baina behin ere ezin izan zuen Lanbert gainditu, eta amaieran txapelketa hasi bezain azkar utzi behar izan zuen. Saketik 7 tanto egin zituen Ximunek, eta Harizmendik, bat gehiago. Jokoan, 26 egin zituen irabazleak, eta 21 galtzaileak, eta galdu, berriz, zazpina galdu zituzten. Hauek eman zituen markagailuak: 1-0, 1-1, 3-3, 4-4, 5-5, 8-14, 18-23, 21-28, 32-32, 33-33, 34-34, 36-36 eta 40-36. Finalerdietan, Bilbao eta Ducassou II.a neurtuko dira, eta bestetik, berriz, Larralde eta Ximun Lanbert.