Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
kirola Surfa

WSL zirkuituak hasi dira: Kategoria desberdinetako txapelketak abian dira

ASP izena iraganeko kontua da jada; erakundeak beste izen bat izango du aurrerantzean. «World Surf League» da izen berria eta mundu mailako itzuli zein txapelketak antolatzeaz arduratzen da. Kategoria desberdinetako zirkuituek ere izena aldatu behar izan dute. Gainerakoan, lehengo eran jarraitzen du denak.

Urtarrila amaitzear dela, jada munduko zenbait txapelketa eginak dira eta beste batzuk bidean dira. Halere, lehen mailako zirkuitua hasteko oraindik hilabete baino gehiago falta da. Pixkanaka mundu mailako lehiaketak martxa hartzen hasi dira, eta, beraz, kategoria desberdinetako lehiakideak ere sasoi berrirako prestatzen hasiak dira.

Aurten, gainera, berrikuntzak izango dira mundu mailako kategoria eta zirkuitu desberdinetan. WSL erakundeak lehen biltzen ez zituen kategoriak bilduko ditu aurrerantzean, eta ia surfeko modalitate guztiak batuko ditu mundu mailako txapelketak antolatzeko orduan.

Goi mailako lehiaketetan, arauek eta lehiaketa irizpideek berberak izaten jarraituko dute, baina zirkuituen izenak, diru sariak eta txapelketa mota bakoitzean irabazleek lortuko duten puntu kopurua aldatu egingo dira.

Izen aldaketa

Azkenengo urteetan lehen mailako munduko txapelketak antolatzeaz arduratzen zena ASP Association of Surfing Professionals erakundea zen. Aurten, ordea, ASPk izena aldatu eta World Surf League (WSL) izena hartu du. Bestalde, zirkuitu desberdinek ere izena aldatu behar izan dute.

Lehengo WQS (World Qualifying Series) mailako txapelketek QS izena izango dute aurrerantzean, eta WCT (World Championship Tour) mailako itzuliak, ostera, Samsung Galaxy Championship Tour izena hartu du. Izarrak puntu bihurtu dira eta olatu handien itzulia ere bere baitan hartu du WSL erakundeak.

Samsung Galaxy

Samsung Galaxy Championship Tour izena izango du aurrerantzean munduko lehen mailako itzuliak. Alegia, mutilen kasuan, Top 32 lehiakideek, eta nesken kasuan, Top 16 lehiakideek osatzen duten itzuliak jada ez du WCT izena izango, Samsung Galaxy Championship Tour baizik.

Gizonezkoen lehen mailako txapelketa, urtero bezala, Australiako Gold Coasten izango da, Snaper eskuin olatuan, otsailaren 28tik martxoaren 11ra. Iazko garailea Gabriel Medina izan zen, 2014ko munduko txapelduna izan zen lehiakide bera.

Emakumezkoen kasuan ere, itzuliko lehen txapelketa leku eta data berean izango da, eta mutilen kasuan bezala, iaz Gold Coasteko txapelketa Stephanie Gilmorek irabazi zuen, 2014ko munduko txapeldunak.

Qualifying Series

Nesken kategorian, urtarrilaren 19an amaitu zen aurtengo mundu mailako lehen txapelketa. Samsung Galaxy Hainan Pro txapelketa Txinan izan zen, Hainan uhartean, eta irabazlea Mahina Maeda hawaiiarra izan zen. Txapelketa lehengo sei izarreko txapelketen parekoa da, baina orain puntutan mailakatzen direnez, Maedak 6.000 puntu eskuratu zituen.

Datorren urtarrilaren 30etik otsailaren 1era izango da nesken zirkuituko bigarren QS (Qualifying Series) txapelketa. 1.000 puntuko txapelketa izango da; alegia, lehengo izar bat edo biko txapelketek zuten maila izango du eta Australian izango da, Burleight Headseko eskuin olatu ederrean.

Mutilen QS mailako lehen txapelketa, berriz, urte hasieran izan zen AEBetan, Huntington Beacheko urautsi famatuan. Shoe City Pro, 1.000 puntuko txapelketa, Kolohe Andino estatubatuarrak irabazi zuen. Andino aurten ere lehen mailako txapelketetan izango da.

Aldi berean, aste honetan bertan hasiko dira QS mailako mutilen bi txapelketa desberdin, bata Hawaiin eta bestea Australian. Australiakoa, Scoot Burleight Pro izenekoa, nesken kasuan bezala, urtarrilaren 30etik otsailaren 1era izango da eta 1.000 puntuko balioa izango du.

Bestea, Pipelinen izango da, Volcom Pipe Pro, eta 3.000 puntuko balioa izango du; hau lehengo lau edo bost izarreko txapelketa baten parekoa izango da. Iaz Kelly Slaterrek irabazi zuen otsaileko lehen astean egiten den txapelketa ospetsu hau.

Junior

Hogei urtetik beherakoen kategorian, urteko lehen txapelketa Australian izan zen, Carve Pro Junior, Maroubrako eskualdean, eta irabazlea Ethan Ewing izan zen. Gold Coasteko surflari gazte honek 1.000 puntu eskuratu ahal izan zituen txapela irabazi ostean; izan ere, Junior kategorian txapelketa guztiak 1.000 puntukoak dira; ez dago maila handiagoko edo txikiagoko txapelketarik.

Urteko bigarren Pro Junior txapelketa orain bertan jokatzen ari da, Sunseten (Hawaii). Urtarrilaren 20an hasi zen eta datorren urtarrilaren 28an amaituko den txapelketa honetan hogei urtetik beherako nesken zein mutilen txapelketa egiten ari dira; beraz, urteko lehen txapelketa garrantzitsua da kategoria honetan.

BWWT

Olatu handien kasuan, pasa den urteko urrian abiatu zen ipar hemisferioko txapelketak egiteko epea eta orain artean Galea Puntakoa bakarrik egin da. Beraz, hemendik eta otsailaren 28a bitartean itsaski handirik bada, oraindik Maui eta Todos Los Santoseko txapelketak egiteko astia izango da.