JAN. 31 2015 Berezkoen Buruz Burukoa Itxaropenez eta ilusioz beteta datoz finalerdiak Lau pilotari gazte neurtuko dira finalean aritzeko txartela eskuratzeko asmoarekin. Ximun Lanbertek 28 urte ditu, 23na dituzte Battitte Ducassouk eta Bixintxo Bilbaok, eta 21 besterik ez Peio Larraldek. Jon LEUNDA Berezkoen Buruz Buruko finalerdiak jokatuko dira bihar eta etzi. Ilusioaren finalerdiak izango direla ere onartu daiteke, zaleak txoratzen baitaude. Lau pilotari gazte izango dira aurrez aurre, eta trinketeko esku pilotaren etorkizunerako hori oso berri ona da. Arituko diren lau pilotarietatik zaharrena Ximun Lanbert da, eta berak 28 urte besterik ez ditu. Ondoren datoz Ducassou II.a eta Bilbao, biak ere 23 urterekin, eta gazteena Larralde izango da, 21 urte bete berriak dituela. Arrangoitzen abiatuko dira finalerdiak, bihar 11.30ean, eta hantxe neurtuko dira Bixintxo Bilbao eta Battitte Ducassou. Biak ere txapelketa bikaina eginda datoz, adin berekoak dira, nahiz eta Ducassouk badaramatzan lau urte onenekin lehiatzen, eta Bilbao iritsi berria den. Azken hau hasierako kanporaketatik dator, bata bestearen atzetik gaindituz, eta itxura paregabea emanez. Ducassouk, aldiz, kanporaketa bakarra gainditzea nahikoa izan du finalerdietan sartzeko, baina bera da faborito nagusia bai gaurko norgehiagoka eta bai txapelketa irabazteko. Superprestigioa bereganatu zuen pasa den abenduan, eta sasoi bikainean iritsi da Buruz Burukora. Ikusmin handia piztu duen neurketa izango da, eta presio guztia Ducassou gazteak izango du. Dirua ere nabarmen aterako da bere alde. Bixintxo Bilbao helburuak beteta dator. Donibane Garazi Etzi jokatuko da bigarren finalerdia. Donibane Garaziko Garat trinketean izango da norgehiagoka, 17.00etan. Larralde eta Ximun Lanbert arituko dira finalerako txartela eskuratzeko asmoarekin. Partida honetan ez dago faborito garbirik, biak ere oso ongi iritsi baitira neurketa honetara. Larralde gazteak erakutsi du bakarka oso ongi moldatzen dela. Superprestigioan finaletik oso gertu izan zen, baina partidako azken txanpan presioak jan egin zuen, eta azkenean Ezkurrak mendean hartu zuen. Orduko eskarmentuak balio beharko lioke etzirako. Ximun Lanbertek eskarmentu gehiago dauka, eta honelako partidetarako horrek garrantzi handia izaten du. Lanbertek azkeneko urtea bikaina egin du, eta oraindik eutsi egiten dio. Segur aski ongien dauden lau pilotariak iritsi dira finalerdietara, eta zaleak neurketa bikainak ikusteko gogoz daude.