FEB. 03 2015 Berezkoak | Buruz buruko txapelketa Peio Larraldek lan erdietan lortu du Ximun Lanberten aurkakoa apurtzea Jon LEUNDA LARRALDE 40 X.LANBERT 34 Peio Larraldek lortu zuen Berezkoen Buruz Buruko finala jokatzeko txartela. Datorren otsailaren 15ean neurtuko da Battite Ducassouren aurka, Baionako Moderne trinketean, 11.00etan. Orain arte inoiz jokatu den finalik «gazteena» izango da hemendik bi astera jokatuko dena. Ducassouk 23 urte besterik ez ditu, eta Larraldek, 21. Atzo oso norgehiagoka ona egin zuen, baina baita Lanbertek ere, eta oso finalerdi ederra eskaini zuten bi pilotariek. Larralde ia une oro markagailuan aurretik aritu zen, baina neurketa ez zen lan erdietara arte apurtu. 18-18 berdinduta egon ostean, bost kintzeko tartea zabaldu zuen garaipena lortu zuen pilotariak, eta horri eusteko modua egin zuen, nahiz eta batzuetan Lanbert asko gerturatu zitzaion. Ximunek zailena egin zuen kintze batera gerturatu zenean, 35-34, baina berdinketa gertu zuenean, huts egin zuen, eta Larraldek ez zuen barkatu, errenkadan egin baitzituen falta zitzaizkion kintzeak. Hala, bere lehen finala jokatzeko txartela eskuratu zuen. Gazteen arteko finalak ikusmin eta ilusio handian piztu du.